Zanpantzarri eta Sardinari su emanda bukatu dira Inauteriak
Sardinaren ehorzketak dakar Inauterien bukaera, eta aurten ere ezin zen bestela izan. Negar-kantarien malko artean egin zuten Zanpantzarrek eta sardinak Zabaltza plazatik San Juan plazarainoko bidea. Irundar andanak jarraitu zien prozesioan. Beste asko, aldiz, bidearen bazterretan zeuden Inauteriei agur esaten. Idoloen aurretik, Irun Hiria Musika Bandak izan zuen segizioari bidea irekitzeko ardura, doinu geldo eta triste bera behin eta berriz errepikatuz.
Xabier Garate artisauaren lanak dira Zanpantzar eta sardina. Lehenak
pierrot itxura hartu du aurten. Sardinak aldiz, barrenak erakutsi dizkigu, kolore ezberdinetako zumearekin egindako estruktura gardenaren bidez. Biek ala biek San Juan plazako sutzarra zuten helmuga. Mozorrotutako lagun talde batek utzi zituen bertan.
Horiei su eman eta oso gutxira aurtengo Inauterien errautsak baino ez ziren geratu plaza erdian. Inguruan, ostera, mozorrotutako lagunak dantzan.
[nggallery id=16]