Atzo iluntzean zeharkatu zituen Irungo erdialdeko kaleak eta behin Zabaltza plazan, Erraldoien Balsa ikusteko aukera izan zen
Zanpantzar Alberto Angera plazan, desfilatzeko prest
Zanpantzarrek Irungo kaleak zeharkatu zituen atzo iluntzean beste urte batez. Ez zuen bakarrik egin; ohikoak baino txikiagoak diren erraldoiez inguratua dantzan aritu baitzen Inauteriak bertan direla lau haizetara zabaltzeko.
19:00etan atera ziren Alberto Angera plazatik Bidasoako Erraldoiak, Zanpantzar, kontserbatorioko ikasleak, Auntza Trikitrixa Eskolako ikasleak eta Txingudi Dultzaineroak. Erdialdeko kaleak zeharkatu ondotik, Zabaltza plazan egin zuten geldialdia eta bertan, urtero bezala, Erraldoien Balsa ikusteko aukera izan zuten gerturatutako hamarnaka lagunek.
Gaurkotasunarekin lotutako mozorro bat hautatzen dute urtero panpintzarrarentzat. Aurtengoan, pierrot gisa mozorrotu dute, poztasun eta ilusio falta bizi duen gizartea irudikatzeko helburuarekin. Horregatik txuribeltzez jantzi dute, pierrot pailazo triste baten antzera. Hala eta guztiz ere, txuria eta beltzaren arteko kolore sorta guztia haren burutik salto egiten ikus zitekeen.
Euskal Inauteriekin lotutako pertsonaia da Zanpantzar eta ohitura zaharren arabera, garbiketa erritua dakar berekin, izpirituak uxatu eta gaitzak aldentzen omen ditu. Hori dela eta, epaitua, kondenatua eta errea izaten da urtero, sardinaren ehorzketarekin batera.
Egun hauetako egitaraua ezagutzeko
bertan sar daitezke interesatuak.
[nggallery id=14]