Batzar irekiak deitzeaz gain, bulegoan bertan eta webgunearen bidez iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditu koalizioak
Udal hauteskunde programa osatzeko zein urrats egiten ari den zehaztu zuen atzokoan Oinatz Mitxelena EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak. Programa bi bloke nagusitan egituratu nahi dutela jakinarazi zuen abertzaleak; bata, gizarte politikena eta bigarrena, atal sozioekonomikoa. “Gaur egungo arazoei erantzuteko aurre egiten dieten arloak direla uste dugu”, azaldu zuen.
Ildo horretan, batzar irekiak deitu ditu koalizioak ekarpenak bildu eta jendearen iritzia ezagutzeko helburuarekin. Izan ere, herritarren eta eragileen parte hartzea baliatu nahi du udal alderdiak programa zehazte aldera. Batzar irekiez gain, Irungo Alkartetxean finkatutako bulegoa zabalduko dute aurki; baita atal berezi bat
koalizioaren webgunean abiatu ere,
Puntuz puntu programa osatzen izenburupean. Era berean, Irunen zehar sakabanatutako postontzietan ekarpenak egin ahal izango direla ere aurreratu zuen Mitxelenak.
Hala, herritarrek eta eragileek egindako ekarpen guztiak bilduko dituztela esan zuen bozeramaileak, hori bai, “gure oinarri ideologikoekin bat datozenak bakarrik barneratuko ditugu”. Lehentasunak finkatzeko eta ekarpenak onartzeko batzarra egingo du koalizioak, “martxoa hasieran, nahiz eta data zehazteke dugun”.
Hauteskunde zerrendari dagokionez, datozen batzarretan zehaztuko du koalizioak hori osatuko dutenen izen-abizenak. Hala, otsailaren 22an igandearekin egingo duten agerraldian emango dute horren berri. Lekua eta ordua zehazteke daude oraindik.
Batzarren egutegia:
- Otsailak 18 (Oiasso Erromatar Museoan, 19:30ean): Gizarte politiken inguruko batzarra. Jorratuko diren azpiatalak dira, besteak beste: hizkuntza, hezkuntza, kultura, kirola eta osasungintza.
- Otsailak 21 (Ospitale Zaharrean, 10:00etan): Gizarte politiken inguruko batzarra. Ondoko gaiak landuko dituzte: politika feminista, gazte politika, edadetuak, aniztasun funtzionala, aniztasun sexuala eta jatorri zein kultur aniztasuna.
- Otsailak 21 (Amaia KZn, 10:00etan): Sozioekonomian oinarritutako batzarra. Jarduera ekonomikoa, elikadura burujabetza, industria, merkataritza, turismoa, tokiko garapena, lurralde antolaketa, energia, ingurugiroa, etxebizitza, hondakinak eta enplegua izango dituzte hizpide.