Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko Zubieta-Urdanibia eremua baliatzea onartu zuen Hondarribiko udalbatzak atzo, ahobatez, otsaileko ohiko bilkuran. Hala, urtetako asmoa gauzatze bidean da, Aitor Kerejeta alkateak esan zuen bezala «oraindik asko...
Miramongo Parke Teknologikoa
Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko Zubieta-Urdanibia eremua baliatzea onartu zuen Hondarribiko udalbatzak ostegunean, ahobatez, otsaileko ohiko bilkuran. Hala, urtetako asmoa gauzatze bidean da, Aitor Kerejeta alkateak esan zuen bezala “oraindik asko falta den arren makinak sartzeko”. Egitasmoa gauzatzen denean, herriak industria gune berria izango luke errepide nagusiaren ondoan.
Erakunde asko daude proiektuan inplikatuta, eta denak ados daude, baina hamarkada bat behar izan da hitzarmen esparru bat zehazteko, eta hori urte hasieran lortu zuten. Atzo, marko horri oniritzia eman zioten zinegotziek.
Plenoan hartutako konpromisoaren ondoren, alde guztiek hitzarmena sinatu beharko dute, baina horretarako ez dago trabarik. Are gehiago, alkateak autokritika egin zuen atzo: “Denbora polita galdu dugu, baina batzuetan politikan errazak diruditen gauzak kosta egiten dira”.
Gipuzkoako Parke Teknologikoa zabaltzeko hautatutako lur zoruaren bi heren Hondarribian daude, eta bestea Irunen. Baina soro hori aldundiarena da, eta Eusko Jaurlaritzak ere badu zerikusirik, parke teknologietako erakunde nagusia den heinean.
Hurrengo urratsa ardurak banatzea izango da. Hondarribiari dagokio urbanizazio plangintza aurreratzea, eta parke teknologikoaren ardura da proiektuari juridikoki forma ematea.
Erabateko adostasuna
Ahobatez hartu zen Gipuzkoako Parke Teknologikoa Zubietan ezartzeko erabakia, eta ezohikoagoa dena, zalantzarik gabe egin zuten. Bilduko Mikel Garmendia erabakiarekin pozik azaldu zen eta aldundiari laguntza eskatzeko iradoki zuen, “jabetza duelako”. Josu Alvarez sozialistaren ustez aukera inportantea da, eta “herrian industria garatzeko proiektuak behar” direla gehitu zuen.
Jon Elizalde (Hamaikabat) ere asebete zuen erabakiak, baina kritika ere egin zuen, batzuetan politikariek duten “efizientzia eza agerian” geratu delako.