Liburutegiek liburuen maileguagatik eta erregistratutako erebiltzaileengatik ordaindu beharreko kanonaren kontra bozkatu du Hondarribiko Udalak. Mozioa aurkeztu zuen Bilduk joan den asteko plenoan, baina erretiratu eta jeltzaleen aukrkeztutakoarekin bat egin zuen.
Zuloaga Etxea
Hondarribiko EAJk eta Bilduk bat egin dute udal liburutegietan maileguei kanon bat ezartzen dien 624/2014 Errege Dekretuaren kontra. Espainiako gobernuak abuztuaren 1ean onartu zuen dekretu hori, Europako 2006/115/CE Zuzentaraua gartzeko xedea duena, eta besteak beste liburutegi publikoek maileguengatik ordaindu beharreko kanona zehazten du. Horren kontrako mozioa onartu zuen udalak ostegunean, otsaileko ohiko plenoan.
Hondarribiaren kasuan —5.000 biztanletik gorako udalerria den heinean—, 2016tik aurrera maileguan utzitako liburu bakoitzeko eta erregistratutako erabiltzaile bakoitzeko kanon bat ordaindu beharko luke udal liburutegiak. Eta 2016. urtera bitarte, erabiltzaile bakoitzagatik eta funtsa osatzeko erositako liburu bakoitzagatik ordainduko luke. Hori da 624/2014 Errege Dekretuak agintzen duena.
Hori horrela, plenoan eztabaidatzeko mozioa aurkeztu zuen Bilduk, dekretuak ezartzen dituen neurrien kontra: “Liburutegiek ordaindu beharko dute, beraz, legeen arabera eskaini behar dituzten zerbitzuak eskaintzeagatik, eta horrela liburutegiaren funtsa kolokan jarriko da, baita zerbitzu publiko horren bizi iraupen bera ere”. Horregatik guztiagatik, kanona atzera botatzeko eskaria egin eta kanona ez ordaintzeko proposatu zuen Bilduk.
Mozio alternatiboa
Eztabaidan, jeltzaleek bat egin zuten koalizioak emandako arrazoiekin, ez ordea planteatzen ziren neurriekin, eta bestemozio bat aurkeztu zuten. Bilduko hautetsiek hori ikusita, eurena erretiratu zuten, EAJrena “nahiko antzerakoa” eta “aho batez onartzea garrantzitsuena zelako”. Eta jeltzaleek aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuen.
Horrela, liburutegietako maileguei ezarritako kanonaren kontra hiru puntuko mozioa onartu zuen udalak joan den ostegunean:
- Hondarribiko Udala ez dator bat liburutegi publikoek Errege Dekretuak dakarren kanona ordaintzearekin.
- Hondarribiko Udalak bat egiten du Eusko Jaurlaritzarekin Errege Dekretuaren eragina gutxitzeko adierazi dituen neurriekin, bereziki, liburuak erosteko kofinantziazioan Eusko Jaurlaritzaren laguntzen portzentajea handitzearekin.
- Hondarribiko Udalak liburutegi zerbitzurako funts berriak erostea ezinbestekotzat jotzen du herritarrei zerbitzu egoki eta eguneratua eskaintzeko, hori dela eta, aurrerantzean ere funts berriak erosteko diru-kopuruari eutsiko diola hitz ematen du.
Liburutegien kanona. Mozioa