Txinzerrek hondakinak gaika bereizteko bi gune ezarriko ditu, bat plazan, eta bestea ospitale zaharrean. Dagoeneko saltzaileekin harremanetan jarri dira.
Hilaren 14an itzuliko da merkatua plazara
Hilaren 14an itzuliko da larunbateko azoka Urdanibia plazara, eta hainbat berrikuntzarekin egingo du. Esaterako, salmenta postuetan sortzen diren hondakinak gaika bereizteko bi gune jarriko ditu Txinzerrek (Txingudiko Zerbitzuak). Hala, zura, plastikozko kaxak, kartoia, gai organikoak eta plastiko birziklagarria jasoko dituzte bertan.
13:30etik aurrera jarriko dituzte bi gune horiek, bat eszenatokia jarri ohi den tokian, eta bestea Ama Birjina Mirarietakoaren kaperaren ondoan, ospitale zaharraren eremuan. Ordu hori baino lehenago, salmenta postu bakoitzeko arduradunak beraiek arduratuko dira hondakinak gordetzeaz.
Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak adierazi duenez “hondakin ugari sortzen den lekua da merkatu txikia”, eta hondakin horiek ongi kudeatzeko ahalegina egingo du erakunde publikoak: “Ahaleginak egin behar ditugu hondakin bolumen handi hori ahalik eta gehien birzikla dadin eta salmenta postuen esleipendunen laguntza behar dugu horretarako”. Zubiturrek erantsi duenez, dagoeneko saltzaileekin harremanetan jarir dira eta neurriaren berri eman diete.