Euskara arloak ikasleei zuzendutako programa berria abiatuko du hilaren 20an; Kabigorrik ere mintzamahaia izenpeko saioak martxan jarriko ditu, etzi
Euskararen Egunean Txanaleta plazan egindako mintzodromoa
Euskara ikasleek ikasitakoa praktikan jartzeko helburuarekin Elkarrizketariak izenpeko programa martxan jarriko du Irungo Udalaren Euskara arloak hilaren 20ean. Era berean, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak mintzamahaia izeneko saioak abiatuko ditu aste honetan euskararen erabilera sustatze aldera.
Fernando San Martin Euskara delegatuaren arabera, “euskaraz aritzeko aukera ederra” da programa berria, “euskara ikasten ari direnentzat eta oraindik maila baxua dutenentzat ere”. Euskara “modu atseginean” praktikatzeko esparruak sortu nahi ditu udalak era horretan, seigarren urratsetik edo A maila azpitik dauden ikasleei bideratuak.
Euskara Sustatzeko Ekimen Plan (ESEP) berrian aurreikusitako jardueretako bat da Elkarrizketariak programa. “Plan horren helburuetako bat da euskalduntze-alfabetatzean ikasitakoa praktikara eraman ahal izateko aukerak eta erabilera-guneak Irunen bertan eskaintzea”, erantsi du.
Hori horrela, mintzapraktikak, sukaldean aritzeko tailerra, dantza eta beste hainbat jarduera ezberdin aurreikusi dituzte programaren barruan. Izena emateko interesa duten lagunek
bertan egin dezakete, hilaren 13ra bitartean.
Ondokoa da programatutako jardueren egitaraua:
- Otsailak 20. Mintza praktika (Udal euskaltegia)
- Martxoak 4. Sukaldean euskaraz (Irungo La Salle elkartea)
- Martxoak 20. Mintza praktika (Udal euskaltegia)
- Apirilak 15. Jolasak (Irungo Mendizaleak elkartea)
- Apirilak 24. Mintza praktika (Udal euskaltegia)
- Maiatzak 6. Irteera (Zugarramurdi, Sara..)
- Maiatzak 22. Mintza praktika (Udal euskaltegia)
- Ekainak 3. Fandango eta Arin-arin ikastaroa (Zehazteke)
- Ekainak 5. Pertsonaia ospetsuekin solasean (Udal euskaltegia)
Horrez gain, Irungo Udal Euskaltegiak hainbat taldetan leku libreak dituela ohartarazi dute. Hori dela eta, A2 eta B1 taldeak (astelehenetik ostegunera, 15:30etik 17:30era), eta B2 zein C1 azterketak prestatzeko taldeak (astelehena eta asteazkena, 18:00etatik 20:30era) dira bete gabe gelditu direnak. Hortaz, izena emateko interesa duten lagunek 943 505273 telefono zenbakira deitu edo euskaltegira (08:30-14:00) hurbil daitezke.
Mintzamahaia Kabigorrin
Hilaren 12an ostegunarekin antolatu du Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak mintzamahaia. Euskarazko esparruak sortzea da helburua, parte hartzaile bakoitzaren maila kontuan hartu gabe. Hala, hileko bigarren eta hirugarren ostegunean finkatu dute hitzordua Kabigorriko kideek, 19:00etan abiatuta. Edozeinek parte har dezakeela adierazi dute.