Lau partida jokatu arren, garaipenik ezin izan dute lortu Superdibisio mailako taldeek
Irudian, Jaime Vidal Leka Eneako jokalaria
Zaila izan da asteburua Leka Enea mahai teniseko maila goreneko taldeentzat. Superdibisio mailako emakumeen eta gizonen taldeek bina partida jokatu dituzte, eta horietako batean berdinketa lortu duten arren, gainontzeko guztietan porrota eskuratu dute.
Ostiralean ekin zion gizonen taldeak lehiari. Oroso TM talde galiziarrari harrera egin zion Leka Eneak Sonia Etxezarreta Teknifikazio Zentroan. Endika Diezek ireki zuen partida eta lehen seta eskuratzea (3-0) lortu zuen. Hala ere, Jaime Vidalek ezin izan zion bide horri heldu eta haren txandan galiziarrak inposatu ziren. Djorde Borcicek ere bere txandan galdu zuen eta lehen itzulia bukatu orduko markagailua Oroso taldearen aldekoa zen.
Bigarren bueltan, Diezek eta Borcicek garaipenak eskuratu zituzten; ez ordea Vidalek. Bukaerako markagailuak 3-3ko berdinketa adierazten zuen.
Larunbatean Kordobaraino (Andaluzia, Espainia) bidaiatu zuen gizonen taldeak Caja Sur Priegoren aurka lehiatzeko helburuarekin. Sailkapen orokorraren liderra da Andaluziako taldea, eta espero bezala, partida konplikatua izan zen irundarrentzat. Hori horrela, Leka Eneak set bakarra irabaztea lortu zuen eta partida amaitzerako Caja Sur Priego taldeak 4-1 aldeko markagailua ospatzen zuen.
Emakumeena ere, zaila
Hitzordu bikoitzari aurre egin behar izan zioten Leka Enea mahai teniseko Superdibisio mailako emakumeen taldeak asteburuan. Herrialde Katalanetara bidaia egin zuten eta larunbatean Mataro taldearen aurka lehiatu ondotik, igandean Suris Calellaren kontra aritu ziren
Partida zaila izan zen Mataroren aurkakoa. Izan ere, multzoko liderra da taldea eta aukerarik gabe utzi zituen irundarrak. Ioanna Ghemesek, Olatz Zuazuak eta June Izquierdok osatutako taldeak ez zuen set bakar bat bereganatzea lortu eta azken emaitza 4-0ekoa izan zen, katalanen alde.
Igandean bestalde, partida berdintzea lortu zuten hasiera batean irundarrek, baina hala eta guztiz ere, azkenean Calellaren aldekoa izan zen markagailua eta 4-2ko emaitzarekin egin zuten bueltako bidaia Leka Eneakoak.
Porrotaren ondorioz, eta emakumeen ligako Priego taldearen garaipenaren ondorioz, Europako txapelketarako sarbidea mehatxupean egon daiteke irundarrentzat.