Irungo Santiagotarrak elkarteko Nerea Seijo hondarribiarrak urrezko domina lortu zuen larunbatean Ampostan (Tarragona, Herrialde Katalanak) Espainiako Remoergometro Txapelketan. 23z azpiko mailan lehiatu zen Seijo eta iaz lortutako brontzea hobetu zuen. Hondarribiarrak 7 minutu eta 23 segundo behar izan zituen ergometroaren gainean bi kilometroko distantzia osatzeko. Atzetik Torrevieja taldeko Oisin Clare sailkatu zen, 11 segundora; brontzea Amposta bertako kide batentzat izan zen, Aida Bonfillentzat, Seijorengandik 13 segundora.

Txapelketako une bat
Nagusien Mailan, pisu arinean, Garazi Lasartek zilarrezko domina lortu zuen Santiagoko taldearentzat. Oiartzuarrak Seijoren kidea izan ohi da biko ontzian. Lasartek Rem Tortosako Ondiz Lecubarriren denbora bera egin zuen, (7:28.0). Tortosako beste kide batek irabazi zuen proba, Veronica Garciak.
Remoergometroaz gain, distantzia luzeko Espainiako Txapelketa egin dute asteburuan Ampostan. Bi probek, aulki mugikorreko neguko txapelketa osatzen dute. Txapelketa eta gero, Espainiako selekzioko kideek kontzentrazioa hasi zuten Sevillan eta bertara bidaiatu du Borja Portos irundarrak, 23z azpikoekin.