Salerosketa gune berriaren inguruan alde bakarreko erabakia hartu eta osoko bilkuran onartutako HAPOan aurrera atera izana deitoratu du koalizioak

Mitxelena gaurko agerraldian
Behobiako merkataritza gunearen harira Irungo Udal Gobernuak alde bakarreko erabakia hartu eta osoko bilkurara eraman izana salatu du gaur goizean EH Bilduren udal taldeko Oinatz Mitxelena bozeramaileak. Irungo Udalbatzak iragan astean onartu zuen Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) baitan egindako aldaketa baten harira egin ditu adierazpenak Mitxelenak.
Izan ere, iazko martxoan behin behineko HAPOa onartu zenean, Behobiako merkatariek bertako merkataritza gune berria eraikitzeko 5.400 metro koadro eskatu zituztela azaldu du Mitxelenak. Udalak 3.800 metro koadro eraikigarri aurreikusten zituela plan horretan esplikatu du bozeramaileak. Horren aurrean “eztabaida mahai bat eratzea” erabaki zutela esan du kideak.
EH Bilduren udal taldeak kokaleku berria Zaisan egotea proposatu zuela gogora ekarri du Mitxelenak: “Eztabaida mahai gainean zegoen, irailean egin zen azken bilera eta hiru hilabeteko epea jarri zen Zaisako jabeekin hitz egiteko, haien iritzia ezagutzeko eta leku aldaketa hori egingarria zen edo ez jakiteko”.
“Harrituta”
Oinatz Mitxelena koalizioko kidea “harrituta” agertu da udalak hartutako erabakiarekin: eraikigarriak diren 3.800 metro koadro 4.500 metro koadrora handitzea. “Harrigarria iruditzen zaigu plan orokorraren onarpenera eramaten denean, beste udal talde politikoen artean inork ezer ez galdetu izana. Guk egindako galderei ezta ez genuen erantzunik jaso” adierazi du Mitxelenak. Era berean, PPren eta EAJren udal taldeen “konplizitatea” salatu du bozeramaileak.
Mitxelenaren aburuz, “bai guri, baita merkatariei ere eztabaida lapurtu digute”. Izan ere, osoko bilkuraren aurretik merkatariekin bildu zirela azaldu du hautetsiak: “Udal gobernuarekin zerbait hitz eginda ote zeukaten jakin nahi genuen, eta haien erantzuna ezezkoa izan zen. Ez zutela planik ezagutzen”.
Hori horrela, merkatariak “asebeteta” daudela erabakiarekin zehaztu du Mitxelenak, ez ordea “hori erabaki den moduarekin, eztabaidatu gabe eta inorekin ezer akordatu gabe. Beraien aburuz eraikigarritasuna eta kokapena mahai horretan erabaki beharko lirateke”.
Hala, irailean bildu zen azkenekoz eztabaida mahaia eta hiru hilabeteko epea zehaztu zen hurrengo bilkura egiteko. Hala eta guztiz ere, mahaia ez dutela berriz deitu salatu du Mitxelenak. Guzti hori dela eta, eztabaida mahaia deitzeko eskaria luzatu dio Mitxelenak Miguel Angel Paez Hirigintza delegatuari.