Emaus Fundazioak elikadura burujabetzarako gida aurkeztu du
Bideragarritasun integraleko prozeduretarako tresna praktikoa da
Ideia bat garatzeko euskarria jarri du denen eskura Emaus fundazioak: elikadura burujabetza kontzeptura hurbildu nahi dutenentzako gida praktikoa da, burujabetzaren ideia ez termino politikoetan soilik ulertuz, batez ere neurri ekonomiko eta sozialetan baizik. Tresna hori gida bat da, agroelikadura sektorean esperientzia ekonomiko bat martxan jartzeko asmoa duten, baina marko kapitalista batetik hori egin nahi ez duten pertsona horientzat, baita jada egitasmo bat martxan izan eta hori eraldatu nahi dutenentzat.
Herrialdeko hainbat herritan ari dira Emaus fundazioko kideak gida-liburua aurkezten. Asteartean Irunen egin zuten aurkezpena, solasaldi modura, Emausek Arretxeko gainean duen Ekocenterrean. Gidaren oinarrian ekonomia solidarioa eta feminismoa daudela azaldu zuen Irunen Assunpta Aierdi Emaus Fundazioko kide, eta gidaren koordinatzaileak, «agroelikadura egitasmo horren bideragarritasuna, planifikazioa, baliabideak eta bestelakoak kontuan hartuz».
Enpresa txikien sorrerarako gida da, kudeaketa eta eraldaketa proposamen metodologikoa izateko konpromisoa du. Aierdik aipatu zuenez, ez dute bilatu zehaztasuna, «gidan ez da agertzen noiz landatu behar den barazki hau edo bestea, eta zer egin behar den hura osasuntsu hazteko. Hori ez da gure egitekoa. Emausetik egin duguna da pistak eta hausnarketa praktikoak bildu, hainbat fasetan aplikatu ahal izateko». Horrela, indarra jarri dute gidan egitasmoen edo ideien definizioan, planifikazioan, antolakuntza ereduan, komunikazioan nahiz merkaturatzean. Eta gauza bat nabarmendu dute: ekonomia alternatiboaren mesedetan lan egitea agroelikadura egitasmo solidario baten bidez, prekarietatearekin harremanik ez duela, «bizitza bideragarriak aurrera ateratzeko baliagarri izan behar dira ekonomia alternatiboko ereduak».
Ekonomia hitzaren jatorrizko esanahira hurbiltzeko saiakera dela liburuan agertzen denaren aplikazioa esan zuen Aierdik, «ekonomia pertsonen beharrak aseko dituen hori izan behar da, pertsonen, emakume edo gizonen, funtzioak eta ardurak kontuan hartuz, eta horiek era orekatuan banatuz».
Urtebeteko lana
Gida-liburuaren atzean urtebeteko lana dago. Elikagaien ekoizpenean esperientzia dutenekin elkarrizketak egin dituzte Emauseko kideek, nahiz Bizkaiko EHNEko —gida liburua egiten lagundu dute— ordezkariek. 31 lekukotasun jaso zituzten denera, Euskal Herrikoak eta kanpokoak.
Horiekin, eta hainbat erakunderekin egindako kontraste eta informazio bilketa lanarekin osatu dute liburua, baita agroelikadura burujabean esperientzia izan duten hainbat herrialdeetako kideekin ere, Brasilgoekin esaterako: gidaren aurkezpenetan Brasilgo ereduaren azalpenak ematen ari da Maira Cavalcanti Rocha; NESOLeko (Ekonomia Solidarioko Sao Paulo UnibertsitatekoTaldea) kidea da eta, hain zuzen ere, gida osatzeko esperientzien bilketan eta lan esparruaren definizioan parte hartu du.
Asteartean Irunen aurkeztu zuten liburua, Arrasaten ere izan ziren aurretik Emauseko kideak azalpenak ematen. Aurrerago, Zarautzen eta Donostian emango dituzte lanaren gaineko xehetasunak.Hala ere, doan deskarga daiteke Emausen webgunetik, gizarte fundazioaren atalera joanez gero.