Bi hilabetez liburutegi zerbitzurik gabe egongo da herria. Apirilerako behin behineko zerbitzua emango duen azpiegitura modularra prestatuko dute Biteri kalean, garai batean anbulatorio probisionala egon zen lekuan.
Gaur hasi dira Biteri kaleko moduloak muntatzen
Gaur goizean Zuloaga Etxera joan direnek atea itxita aurkitu dute, gaur hastekoak zirelako udal liburutegia handitzeko eta berritzeko lanak. Era berean, behin behineko zerbitzua emango duen azpiegitura modularra muntatzen hasi dira Biteri kalean, Jostaldi pilotalekuaren ondoan.
Udalak uste du apirilerako irekiko dutela behin behineko liburutegia. Zuloaga Etxe berritua, aldiz, 2016 urte hasieran inauguratzea espero dute. “Helburua Hondarribiak liburutegi moderno eta kalitate handikoa izatea da, gaur egungo 7.718 bazkideei edo gehiagori zerbitzua emateko adinakoa”, erantsi du udalak.