Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketan parte hartzeko aukera zabalik dagoela oraindik gogorarazi du aste honetan TASek. Nagore Laffageren memoria bizirik mantentzea eta haren ama Asun Casasolaren borroka aitortzea dira helburuak.
Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketaren aurkezpena
Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko mundua irudikatzea da Txingudi Anti Sexista plataformak Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketaren bitartez proposatutako ideia. Ikuspuntu positibo batetik indarkeria sexistarik gabeko gizartea imajinatzea, ipuin labur baten bidez hori kontatzea, eta jendarteak gaiaren inguruan hausnartzea dira ipuin txapelketaren helburu nagusiak.
Deialdia hedatzea da orain plataformako eragileen nahia. “Gure txikitasunetik ez da horren erraza horrelako deialdiak zabaltzea”, azaldu du Ainara Lopez Irungo Bilgune Feministako eta Txingudi Anti Sexista plataformako kideak. “Biziki garrantzitsua da, gure ustez, oihartzuna ematea deialdiari”, erantsi du. Beraz, txapelketa “promozionatzea arrakasta handia lor dezan” da plataformako kideen asmoa.
Azaroaren 25eko “zurrunbiloan”
Txingudi Anti Sexista (TAS) plataforma osatzen duten 22 herri eragileek plazaratutako deialdia da Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketa. Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin batera luzatu zuten deialdia TASeko kolektibo ezberdinek. Orain, lehiaketarako lanak aurkez daitezkeela gogorarazi nahi dute, otsailaren 28ra arte parte har daitekeelako “eta azaroaren 25eko zurrunbiloan bota genuelako”, azaldu du Lopezek: “Momentu horretan berri guztiak horren ingurukoak ziren”.
Nagore Laffageren memoria “bizirik mantentzea”, eta haren ama Asun Casasolak geroztik “egiten jarraitu duen lana” aitortzea direla lehiaketa antolatzearen arrazoi nagusiak azaldu du Lopezek. Haren arabera, Casasola indarkeria sexistaren aurkako deialdi guztietara joan da, “hitzaldiak eman ditu, batez ere Nafarroako institutuetan, deialdi feminista guztietan parte hartzen du, beti prest dago horretarako. Hori dela eta, ikusi genuen Irungo herriak horrelako zerbait zor ziola. Hori da ipuin lehiaketa sortzearen arrazoia”, gaineratu du Bilguneko kideak.
Ezaguna da Asun Casasolak 2008ko sanferminetan Laffage erail zutenetik aurrera eramandako borroka, eta hala adierazi zuten deialdiaren antolatzaileek aurkezpenaren egunean: “Asunek bere familiari gertatutakoa berriz ere gerta ez dadin lanean aritu da, eta oraindik ere dihardu; dokumentalean parte hartzen, mobilizatzen eta berdintasunaren alde dabiltzan eragileen deiei erantzunez. Asun Casasola borroka eredu bat da, emakumeon kontrako bortizkeriarik gabeko gizarte baten alde borrokatzen duelako”.
Eta horixe da, hain justu, Txingudi Anti Sexista plataformako kide ezberdinek ipuin laburren lehiaketarako proposatutako gaia:
Indarkeria matxistatik askeak diren bizitzak, edo beste era batera esanda, “genero indarkeria gainditzea litzateke gaia” TASeko kideen arabera.
Literaturatik generoa landuz
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako kontzientziazioaren alde lan egitea “ezinbestekoa” dela uste dute lehiaketaren bultzatzaileek. Hori dela eta, oraingo honetan, beste era batera borroka egitea da TASeko herri eragileek helarazi duten proposamena: literatura baliatuz indarkeria sexistarik gabeko mundu baten alde lan egitea.
Gaur egungo egoera ikusita, eta datuak aintzat hartuta, indarkeriarik gabeko mundu baten gainean idazteko fantasiazko generoa baliatzea “nahitaezkoa” da, Lopezen arabera. Hala ere, “indarkeriarik gabeko espazioak” ere existitzen direla nabarmendu nahi izan du: “Horren isla landu nahi badute, sekulako lana egiten duten espazioak azalaraziz, aurrera. Baina tamalez, gaur egun, nahiz eta mediatikoki horrenbeste oihartzunik ez eduki, emakumeen kontrako indarkeria egunerokotasunean hor daukagu oraindik”.
Hori horrela, orain arteko parte hartzea “ona” izan dela aipatu du Lopezek, nahiz eta ez duen zenbakirik zehaztu nahi izan. Gainera, epaimahaiak idazlanak baloratzeko ardura duela gogorarazi du irundarrak. Alfonso Sastrek, Eneritz Duesok, Mertxe Tranchek, Rosa Arburuak eta Asun Casasolak berak osatuko dute epaimahaia.
Era berean, “eragileetatik sortutako iniziatiba bat” dela oroitarazi du Lopezek, “eta beraz, guztiok ari gara inplikatzen, epaimahaia lotzen, kartelak jartzen, dirua lortzen…”. Ildo horretan, Lakaxita gaztetxeak lehiaketa sustatu aldera, eta sarietarako dirua biltzen laguntzeko helburuarekin jarduera bat aurreikusi duela aipatu du Lopezek, nahiz eta momentuz data zehazteke dagoen.
Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketan parte hartu nahi duten lagunek 16 urtetik gora izan behar dute. Halaber, bi kategoria daude, euskarazkoa eta gaztelerazkoa. Bi kategorietako irabazleek jasoko dute saria.
Oinarriak eta nondik norakoak ezagutzeko,
bertan sar daitezke interesatuak.