Abotsanitzek "modu autonomoan" egingo du bidea aurrerantzean
Sortuk Herri Batzarraren iritzia "behin eta berriro" baztertu izana kritikatu du talde berriak. Udal hauteskundeetara aurkeztuko dute baina ez dute zehaztu zein formula erabiliko duten
2013ko alardea eta geroko krisiaren ondotik sortutako Abotsanitz taldeak “modu autonomoan aurrera egitea” erabaki du, ezker abertzalearen egitura utzita. Komunikabideei bidalitako ohar bidez jakinarazi dutenez, “Sortu alderdiak Hondarribiko hainbat gai garrantzitsuren aurrean udalerriko Herri Batzarraren iritzia behin eta berriro baztertu izanak” eragin du erabakia.
Abotsanitzek “alderdiaren zuzendaritzak erabili dituen formak” kritikatu ditu: “Herri Batzarrean gehiengo zabalez onartu diren proposamenak goitik behera baztertu eta lerro gorriak inposatu nahi izan ditu, beste alderdi tradizionaletan salatu izan ditugun jarrerak errepikatuz”.
Talde berriak “Herri Batzarraren babesarekin ezker abertzalearen eginkizunekin” jarraituko duela erantsi du, “herriari dagozkion gaien alde borrokan jarraituz” eta “beste mugimenduei ateak irekiz”. Bide horretan, “Hondarribiari dagozkion erabakiak herrian bertan hartuko direla” gaineratu du Abotsanitzek.
Udal bozei begira
Oharrean zehazten ez duen arren, udal hauteskundeetara EH Bildurengandik banatuta aurkeztuko da Abotsanitz, eta dagoeneko zerrendak eta programa lantzen hasi dira. Besteak beste, gai hori izan zuten eztabaidagai joan den ostegunean Muaran egindako herri batzarrean.
Nolanahi ere, ezker abertzaleko talde berriak oraindik ez du jakinarazi zein formula erabiliko duen udal bozetara aurkezteko.