2013ko urrian auzoko sukurtsal bakarretik kendutako kutxazain automatikoetako bat berriz ere jartzea exijitzen dute bizilagunek; Colon pasealekuko Kutxabanken egoitza nagusian utzi dituzte bildutako sinadurak.
Arozena eta Erkizia Landetxa Auzo Elkarteko kideak
Katea-Landetxa Auzo Elkarteko ordezkariak Colon pasealekuko Kutxabanken egoitza zentralean izan dira gaur goizean. Auzoan duten banku bakarrak 2013ko urrian kendutako kutxazain automatikoetako bat berriro jar dezaten eskatu diote ordezkariek, bizilagunen 536 sinadura oinarritzat hartuta.
“Utzi ziguten kutxazaina zaharra da eta maiz matxuratzen da”, azaldu du Fernando Arozena auzo elkarteko kideak. Nieves Erkizia auzotarrarekin batera agerraldia egin dute ordezkariek, eta matxurez gain, askotan dirurik gabe gelditzen dela eta dirua sartzeko aukerarik ematen ez duela salatu dute.
Horrek kalte ugari eragiten dituela auzoan agerian utzi nahi izan dute elkartekideek. “Ostalariek eta merkatariek dirua sartu behar baldin badute ezin dute, leihatilarik ezta dagoelako ere; edota bezeroak dirurik gabe gelditzen badira eta maiz gertatzen den bezala, kutxazainak dirurik ez badu edo matxuratua badago, Irungo zentroraino joan behar dute eta beraz, han egiten dituzte erosketak edo hango tabernetan gelditzen dira askotan”, adierazi du Arozenak. Erkiziak, auzoko helduenei eragindako oztopoak ere izan ditu hizpide argudioak ematerakoan.
2013ko urrian eraman zuten kutxazaina, ordezkariek esan dutenez. Garai hartako Coloneko Kutxabankeko zuzendariarekin bildu zirela azaldu dute Erkiziak eta Arozenak. Kutxazaina berrezartzeko argudioak gutun batean eskura eman zioten zuzendariari, eta “erabakia ez zela haiena esan zigun”, azaldu du Arozenak, “Bilboko Kutxabankek kudeatzen dituela erabaki horiek”. Hala eta guztiz ere, erantzun bat jasoko zutela esan zien bankuko arduradunak.
Berririk ez geroztik
Irungo Kutxabanken egoitza zentraleko zuzendariarekin bildu zirenetik berri gehiagorik izan ez dutela azaldu dute auzotarrek. “Jakin badakigu zenbait norbanako hemen izan direla euren kexa helarazten, eta sinadurak biltzeko erantzun zien zuzendariak” azaldu du Erkiziak. “Haiek ere erantzunik jaso ez zutenez, auzo elkartera etorri ziren laguntza eske eta guk sinadura bilketa abiatu genuen, baina modu pasiboan, ez dugu kanpainarik egin”, erantsi du.
Oarso Bidasoko Hitza-k bestalde, gai honekin lotuta herenegun argitaratutako albistea zuzendu du. Bertan “kutxazain automatiko bakarra” kendu zutela zioen artikuluak, eta “bi kutxazainetatik bat” eraman zutela da gertatutakoa. Zuzendutako laburra
bertan irakur daiteke.