Jakiez gain, produktu higienikoak ere bildu nahi ditu Txingudi Sahararekin Tadamum elkarteak Sahararen aldeko euskal karabana kanpainaren barruan. Era berean, Oporrak Bakean programan parte hartuko duten harrera familien bila ari da Tadamum elkartea.
Bidasoan egindako Sahararen aldeko festaren irudia
Sahararen aldeko euskal karabana: itxaropena elikatu elkartasun kanpainaren aldeko janari eta higiene produktuen bilketa egingo du Txingudi Sahararekin Tadamum elkarteak hilaren 23an eta 24ean, ostirala eta larunbatarekin. Aljerian kokatutako Tinduf errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren sahararrak laguntze aldera urtero egiten den elkartasun kanpaina da. Halaber, Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten harrera familien sarea osatu nahi du elkarteak.
Hala, kanpainan kolaboratu nahi duten lagunek ondoko produktuekin lagun dezakete: arroza, azukrea, pasta, lekaleak, atuna eta sardinak olioan, eta konpresak. Hori horrela, Irungo Udalak eta Alcampo hipermerkatuak urtero egin ohi bezala, arroz palet bat eta azukre paketeekin betetako beste bat emango dituzte, hurrenez hurren.
Era berean, Tadamum elkarteak jakinarazi duenez bilketa puntuak ezarriko dituzte besteak beste: Antzarango, Anakako, San Migeleko eta Serapio Mujikako BM supermerkatuetan; Mendibileko Neton; Pinudiko eta Juan Aranako Eroskietan; Alcampon eta Super Amaran.
Ikastetxeetako bilketa kanpaina bere aldetik, atzo hasi eta ostiralera bitartean luzatzea aurreikusi dute. Irungo Gurutze Gorriak aurrera eramango du bilketa eta ondoren, Tadamum elkarteko kideen esku utziko du materiala.
Hori horrela, udalak irundarrei dei egin die kanpainan lagun dezaten. Izan ere, mundu mailako krisi ekonomikoa hasi zenetik Tindufera bidalitako “elikagai laguntza nabarmen jaitsi da”. Tokiko gobernuaren arabera, “1975etik Tindufeko errefuxiatuen elikadura beharrak kanpo erakundeen esku egon da. Orain aldiz, elikagaiak ez dira beharrezko maiztasunarekin, ezta beharrezko kantitateetan ailegatzen ere”. Hori dela eta, kanpamenduetan desnutrizio egoera “larria” dela iritzi dio udalak.
Oporrak Bakean
Tadamum elkarteak Oporrak Bakean programa garatu ahal izateko harrera familiei dei egin die ere aste honetan. Horren arabera, ume sahararrak uztaila eta abuztua igarotzera etortzen dira Irunera eta harrera familiak elikadura, mediku azterketak eta ostatua ematera konprometitzen dira. Irungo Udalak bere aldetik hegazkinaren eta bidaia aseguruen gastuak hartzen ditu bere gain.
Elikagaiak eta osasun arreta bermatzea dira programaren helburu nagusiak; baita basamortuko tenperatura altutik ihes egitea ere.
Bilketa kanpainan edota Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten lagunek 666 501 350 telefono zenbakian edo
e-posta bidez egin dezakete.