Hondarribiko bigarren taldeak ezustekoa eman du Puion. Atzoko partidaren aurretik hirugarrenak ziren donostiarrak, baina berdeek azken hiru partidak irabazi dituzte.
Garaipen handia lortu zuen Preferenteko taldeak atzo arratsaldean Vasconiaren kontra (0-1), Donostiako Puioko belar artifizialeko zelaian jokatutako partidan. Norgehiagoka hasi aurretik sailkapenean hirugarren tokian zeuden donostiarrak, eta hamar postu beherago Hondarribia, baina herriko bigarren taldeak azken sei partidetatik lau irabaziak zituen, eta hori horrela, konfiantzaz beteta zelairatu ziren Puion. Eta ezuztekoa eman zuten.
Lehen garaipena 10. jardunaldian lortu zuten berdeek, baina ordutik zazpi partidetan hamabost puntu pilatu dituzte, azken hiru asteburutan bederatzi. Azken garaipenari esker, beste bi postu irabazi ditu taldeak eta dagoeneko
11. jarri da sailkapenean, 17 punturekin.
Hurrengo asteburuan ere goranzko bideari eusteko aukera izango du Preferenteko taldeak, etxean Lengokoak taldearen aurka lehiatuko baita. Donostiarrek bi puntu gehiago dituzte sailkapenean. Irabaziz gero, aurretik jarriko lirateke hondarribiarrak, eta oraindik asko falta bada ere, mailari eusteko helburua gauzatzeko urrats handia emango lukete.