Lehen Mailako liderra zergatik den erakutsi du Eibarrek Hondartzan
Hondarribia Eskubaloiak 23-30 galdu du liderrarekin eta azkenaurrekoa da sailkapenean. Bigarren itzulia lehenengoa baino hobea egin beharko dute ez jaisteko. Gazte Mailako taldeak liga amaitu du, bigarren fasea multzoko lehen tokian.
Eibarrek orain arteko partida bakarra galdu du, eta horregatik da lider. Defentsan nahiz erasoan Espainiako Lehen Mailako euskal multzoko talde onena dela erakutsi du orain arte; atzo Hondarribian ez zituen besoak jaitsi, eta 23-30 irabazi zion Hondarribia Eskubaloiari. Atsedenaldirako zazpi goleko errenta lortu zuten kanpotarrek (10-17), eta bigarren zatian aldeari eutsi zioten.
Liderrarekin galduz, azkenaurreko tokian hasi du Hondarribiak bigarren itzulia. Atzokoa ez zen irabazi beharreko partida, baina hemendik aurrera puntuak pilatzen hasi beharko da taldea, heldu den urtean Euskal Ligan jokatu nahi ez badu. Hurrengo asteburuan jardunaldi zaila izango du Javi de la Hazaren taldeak, Zumaian Pulporekin, sailkapeneko zazpigarrenaren kontra.
Harrobikoak ondo
Gazte Mailako taldeak asteburuan amaitu du liga. Bigarren fasean 19-22. postuak zehazteko multzoan jokatu du eta laukoteko lehena izan da, partida guztiak irabazita. Larunbatean Irungo Gaztiaken aurkako derbian jaun eta jabe izan ziren hondarribiarrak (24-39). Hortaz, 19. tokian bukatu dute liga herriko gazteek.
Kadeteak, aldiz, txapelketako fasea jokatzen ari dira, ligako aurreneko sei postuak zehazteko. Asteburuan, faseko lehen garaipena lortuz dute Urola Aranzadiren kontra (30-24) eta bosgarren jarri dira, Urolaren aurretik.