Plaiaundin lehiatu ziren larunbatean Irun RT eta Universitario Bilbao taldeak. Hasieratik lortu zuen talde irundarrak markagailuan aurretik jartzea eta 24-8 irabazita iritsi zen partida bukaerara; bigarren denboran botatako euri zaparradak hala ere, bi taldeen jokoa oztopatu zuen.
Irun RT-Universitario Bilbao Plaiaundin (Irudia: A. Iglesias)
Sailkapen orokorrean goranzko joera ezin eten dabil Irun Rugby Taldea. Universitario Bilbao taldea hartu zuen larunbata arratsaldean Plaiaundiko errugbi zelaian, eta eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, 24-8 gailentzea lortu zuen bertako taldeak. Sailkapen orokorraren laugarren postuan kokatzea lortu du Irun RTk.
Partida hasi eta lehen minutuetatik lortu zuen Irun RTk partida menderatzea. Hala, 9. minutuan Alonso eta Manterolaren arteko jokaldian markagailua irekitzea lortu zuten (7-0). 24. minutuan Irun RTko Sanchez jokalaria hamar minuturako zigortu zuen epaileak eta talde bizkaitarrak egoera baliatzen jakin zuen. Hala, entsegua egiteaz gain (7-5), zigor kolpe bat eraldatu zuen markagailuan aurretik jarriz (7-8).
Hori horrela, lehen denbora bukatu aurretik Irunek erreakzionatzen jakin zuen eta Aizpuruak lortutako beste entsegu bati esker berriz ere markagailuan aurretik jarri zen (12-8).
Atsedenetik bueltan Irun RTk nagusitasuna mantentzen jakin zuen. Taldeko kideek adierazi dutenez, euri zaparradek bi taldeen jokoa oztopatu zuten. Hala eta guztiz ere, Irun RT indartsu aritu zen erasoan eta bi entsegu eta hainbat jokaldi gehiago lortuta, 24-8 irabaztea lortu zuen azkenean.
Datorren jardunaldian Nafarroako Funes taldearen aurka ariko dira irundarrak, etxetik kanpo izango den partidan, 16:00etan abiatua.