Ohorezko Mailako taldeak berdinketa lortu du Lasarte-orian, eta jardunaldia 17. postuan amaitu 14. postutik bi puntura dago. Larunbatean etxean jokatuko dute, Tolosaren aurka, sailkapenean jauzia emateko helburuarekin.
Abenduaren 14tik galdu gabe dago Hondarribiko futboleko lehen taldea. Azken lau partidetan bi garaipen eta beste bi berdinketa lortu ditu, azkena larunbatean Lasarte-Orian, Ostadarren kontra (1-1). Horrenbestez, hamasei punturekin jarri da taldea sailkapenean; kontuan hartu behar da zazpigarren jardunaldiaren hasieran puntu bakarra zuela.
Larunbateko partidako une bat
Aurkari zuzena da Ostadar eta puntu bat ez da asko, baina kontuan izanik Hondarribiak ordubete jokatu zuela jokalari bat gutxiagorekin, balio handiko puntua da. Gainera, gauzak oso estu daude sailkapenaren behealdean eta puntuatzea oso garrantzitsua da, batez ere, etxetik kanpora.
Hurrengo asteburuan Tolosaren kontra jokatuko dute bikingoek, Hondartzan, bigarren itzuliko bigarren jardunaldian. Tolosarrak bosgarren tokian daude eta ez da partida erraza izango, baina etxetik kanpo ez dute gol gehiegi lortzen eta irabazitako zortzi partidetatik bakarra irabazi zuten Berazubitik urrun. Hondarribiari ere asko kostatzen ari zaio aurkariaren porteria zulatzea, baina azken emaitzek lasaitasuna eman diote taldeari eta hori, eta zaleen lñaguntza, alde izango dute berdeek.