Orereta/Errenteriako EH Bilduk udal hauteskundeetarako bigarren fasea hasiko du larunbatean, eta horretarako batzar irekia, bazkaria eta festa antolatu dituzte Merkatuzarren.
Orereta/Errenteriako EH Bilduk udal hauteskundeetarako bigarren fasea hasiko du larunbatean, eta horretarako batzar irekia, bazkaria eta festa antolatu dituzte Merkatuzarren.
Konpromisoa eta ilusioa piztu lelopean egingo dute jaia.
EH Bilduk programa eta zerrenda berretsiko ditu
Horrela, 11:00etan batzar irekia egingo dute, programa eta hautagaien zerrenda berreste aldera. Ondoren, 14:00etatik aurrera, herri bazkaria egingo dute, eta bukatzean, 17:00etatik aurrera, festa bat antolatu dute. Txartelak jadanik eros daitezke, herriko lau tabernatan: Arkaitza, Sindikato, Landare eta Reynan. Koalizioak jakinarazi duenez, haurrentzako txoko bat izango da, gurasoen lasaigarri.
“Ilusio berbera”
Hauteskundeei begirako bigarren fasean, lehenengoko “ilusio berberarekin” lan egingo dutela jakinarazi du EH Bilduk. “Batzar irekietara agertutako herritar eta militanteek osatutako zerrenda eta programa gizarteratuko dugu”, azaldu dute. Programaren lanketa “dinamikoa” izango dela ziurtatu dute, “ez estatikoa”: “Programa ireki izango da eta ekarpenak jasotzen jarraituko dugu herriko hainbat gizarte eragile eta talderekin bilduz eta ideiak kontrastatuz”.
Datozen urteetan Errenteria-Orereta “eraldatzen” jarraitu nahi dute zehaztu dute, “justizia sozialaren bidean sakontzeko”. Esan dutenez, demokrazia parte hartzailea izango da euren oinarri politikoa, “gure herrian hezi, bizi eta lan egiteko”. Horregatik, herritar guztiak deitu dituzte bertan parte hartzera.