Hilaren 25ean, bigarren eskuko azoka egingo dute Oiartzungo plazan, sahararren alde
Ateratako etekina El Watan elkarteari emango diote. Erabiltzen ez diren, baina egoera onean dauden gaiak utzi behar dituzte herritarrek hilaren 19tik 21era, Atez Atekoaren Informazio Bulegoan.
Abaraxka ludotekak antolatuta, eta udalaren laguntzarekin, hilaren 25ean (larunbata) bigarren eskuko gaien azoka egingo dute Doneztebe plazan. Elkartasun helburua izango du azokak, izan ere, bertan aterako diren etekin ekonomikoak Saharako errefuxiatu guneen alde lan egiten duen El Watan elkarte oiartzuarrari bideratuko zaiolako.
Aldez aurretik utzi behar dira, Atez Atekoaren Informazio Bulegoan, azokarako herritarrek eman nahi dituzten gaiak. Horrela, hilaren 19tik (astelehenetik) 21era (asteazkenera) utz daitezke gai horiek, 08:00etatik 15:00etara, Mendiburu kalean dagoen bulego horretan. Herritarrek erabiltzen ez dituzten baina egoera onean dauden gauzak utz daitezke bertan: arropa, jostailuak, etxeko elektrotresna txikiak, liburuak, musika, filmak, altzari txikiak.
Ateratako etekin ekonomikoa El Watanentzat iango bada ere, sakoneko beste helburu batzuk ditu bigarren eskuko azokak. Horrela, hondakin gutxiago sortzeko bidea izan daiteke erabiltzen ez diren gaiak salgai jartzea.