Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Ainara Oskoz artista irundarrak Cartas a un des-conocido erakusketa jarri du Banako tabernan. Egurra, papera, margoa, metala, argia… material ugari aukeratu ditu gai bakar baten gainean sortzeko: oroimena.
Arte zale dena ez da aspertuko Hondarribian. Portua auzoan nahiz Alde Zaharrean zenbait arte galeria daude, kirol kaian hileroko azken bi igandeetan arte azoka egiten dute, eta badira hainbat taberna erakusketak antolatzeko ohitura dutenak. Horietako bat da Txiplao industriagunean dagoen Banako; pabilioi batean egokitutako taberna eta kontzertu aretoa da, eta hilero tokiko artista bati uzten dio bi pareta luzeetako bat; urtarrilean Ainara Oskozen (Irun, 1976)
Cartas a un des-conocido erakusketa bisitatu daiteke, asteartetik igandera, arratsaldez.
Hilaren 3an aurkeztu zuten Oskozen erakusketa. Ekitaldi berezia izan zen, Jon Sanchez hondarribiarraren Rubio talde akustikoak girotutakoa. Musika eta artea uztartu zituzten, erakusketa inauguratzeko musika baliatu zutelako, batetik, eta musikariaren jardunaren bitartean artelanak proiektatu zituztelako agertokian. “Emanaldirako proiekzio batzuk prestatu genituen bere [Sanchezen] abestien hitzekin eta nire lanen zenbait argazkirekin. Jendearen erantzunarekin oso pozik geratu nintzen, eta eskertua agertu ziren guztiekin”, azaldu du Oskozek.
Musika, irudia eta artea eskutik inaugurazioan, eta hainbat arte diziplina uztartuta erakusketan. Hori da irundarrak hilaren 31ra arte Banako tabernako hormetan eskegi duen proposamen artistikoa. Artistak onartu duenez, ez da “batere leiala” material jakin batekin, eta berdin-berdin sor ditzake eskulturak nahiz konposizioak. “Aukeratzen ditudan gaiak edozein lekutik etor daitezke, hitz bat, sentsazio bat, gertaera bat… Lehenik, ikerketa bat egiten dut aukeratutako gaiaren inguruan, ideiari forma plastiko bat emateko. Gero, materialekin jolasten hasten naiz, material bat edo batzuk aukeratu arte”.
Banakorako, hainbat materialez osaturiko konposizioak aukeratu ditu, gai zehatz bati lotutakoak: memoria.
Cartas a un des-conocido izenburupean hiru artelan nagusi bildu ditu irundarrak,
Gordeleku,
La biblioteca de la memoria, eta bildumari izena ematen diona. Horiez gain, bada lan solteren bat,
Alma-Zen collage-a, esaterako.
Bi konposiziotan banatzen den lana da
Cartas a un des-conocido. Estetikoki, garai bateko Japoniako pergaminoak ekartzen ditu gogora, goitik beherako hainbat kartulina beltz, goialdetik paretara itsatsia eta behealdetik askatuak, pintzelez zuriz gainezarritako hizkiz beteak. “Erakusketan, plastikoki, memoria eta oroitzapenak lantzen saiatu naiz, idazkera modu honen bitartez”, argitu du. Halako bi multzok osatzen dute erakusketa izendatzeko balio duen konposizioa.
Oroimenarekin jokoan jartzen den beste lana
La biblioteca de la memoria da, hiru kutxez osaturikoa. 2012. urtean sorturiko obra da hori, gainontzekoak, iazkoak. Kutxetan gordeta dauden objektuek ematen diote zentzua multzoari, baina idazkerak ere badu protagonismoa. Izan ere, idazkerak presentzia handia du Banakon jarria dagoen erakusketa osoan, kutxa, margo zein collage-etan; idazkera, errekurtso estetiko bezala, mezuari erreparatuta baino gehiago.
Hiru lanetatik azkena ere,
Gordeleku, hainbat kutxez osaturikoa da, baina argi kutxak dira: “Espazioak eraikitzen saiatu naiz argiaren bitartez”, azaldu du Oskozek.
Bidasoan eta Madrilen formatua
Irunen jaio eta Hondarribian bizi da Oskoz, baina Madrilen egin zituen arteari lotutako lehen ikasketak. “Artea eta Antzinako Gauzak ikasi nuen, eta Artelanen Tasazioan espezializatu nintzen”. Geroago altzariekin eta urre berritzearekin lotutako formazioa jaso zuen, eta hori guztia Hondarribian praktikan jartzeko aukera izan zuen, Arma Plazako Antiguedades Bidasoa dendan. “Urte askoz nire familiak lan egin izan du bertan. Amonak lehenik, aitak eta amak geroago, eta azkenik nik, dendan eta bertako tailerrean”.
‘Alma-Zen’ konposizioa
Duela hiru urte itxi zuten Arma Plazako saltokia, eta ondorioz, sortzeko lekurik gabe geratu zen. “Ordutik, Bitaminen daukat tailerra”, Irungo Olaberria auzoko askotariko arte faktorian. Han sortzen du Oskozek, eta sortzen irakasten du, Miren Gonzalez margolariarekin batera umeentzako tailerrak ematen dituelako. Errenteria-Oreretan ere eman izan ditu plastikako eskolak, eta egun Kanbon (Lapurdi) ari da zeregin horretan.
Altzariei lotutako diziplinez gain, bestelako artearekiko harremana Bidasoan osatu zuen irundarrak: “Margoa eta eskultura ikasi ditut. Txikitan marrazketa Irungo udal tailerretan eta Mensurekin lehen margoak. Geroago, Madrilen zenbait taldetan teknika desberdinak, eta gaur egun Javi Alkainen akademian kale margoketa klasetara joaten nahiz”. Eskultura ere ikasi zuen, “Irungo zeramika tailerrean buztina, Madrilen molde bidezko harrizko eskultura, eta Bartzelonan eskultura artistikoa, soldaduraz”.
Hortaz, orotariko artista dela esan daiteke, eta Banakora hurbiltzen denak hori antzemango du, margoa, egurra, altzariak, metala, argia… Hori guztia uztartuta agertzen baitira Ainara Oskozen erakusketan.