"Ez du denak balio" esateko deia egin dute Oarso Bidasoko eragileek
Gaur eta bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, «atera gaitezen zurrunbilotik
Oarsoaldeko eta Bidasoko hainbat norbanako, eragile, alderdi politiko eta sindikatuk herritarrei deia egin diete gaur Donostian egingo den elkarretaratzean (12:00etan, Alderdi Ederren), eta bihar Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan (17:00) parte hartzeko, Giza eskubideak, bakea eta konponbidea leloarekin bat eginez. Atxiloketen harira antolatu dituzte biak, «eraso zuzena dira bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko», eta Espainiako Estatuari «denak ez du balio» esateko baliatuko dituzte, «bada garaia herri hau Espainiako Estatuak kondenatu nahi duen zurrunbilotik ateratzeko».
Talde, eragile eta norbanako horiek atzo eguerdian agerraldia egin zuten Errenteria-Oreretako Gamon Zumardian, azken egunetako gertaeren gaineko irakurketa egiteko. Bertan zen Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarra.
Estatuaren politikaz
Azken polizia operazioa «denboran atzera begira jartzea» izan dela adierazi zuten agerraldian, «soberan zegoen sarekada, atxilotutako pertsonak erraz aurkitzeko modukoak direlako. Lan publikoa egiten dute».
Horrela, atxiloketen oinarriko arrazoien gaineko gogoeta egin zuten: «Eremu politikoak, juridikoak eta sozialak Espainiako Gobernuak indarrean duen espetxe politika zalantzan jartzen duten unean iritsi dira atxiloketak. Estatuak elkartasun keinuak kriminalizatu eta lapurtu nahi izan ditu».
Sarekada larunbateko Bilboko mobilizazioaren ondotik egin dela nabarmendu zuten agerraldian, «Espainiako Gobernuak giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten politikak garatzen ditu, gatazkari eta bere ondorioen konponbideari lagundu beharrean»