Zabaltza plazan izan zen standa asteazkenean
Zabaltza plazan finkatu zuten herenegun Alokabideren
Zabaldu zure etxea kanpainaren standa. Bi egunez bertan izan behar zen arren, atzoko haize ufada bortitzek standa bertatik kentzea eragin zuten. Hala eta guztiz ere, asteazkenean zehar “jende dezente” hurbiltzen ari zela informazio eske adierazi zuen guneko arduradunak, “komunikabideetan kanpainaren berri izan eta hona gerturatu dira”.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialera bideratzeko etxebizitzak eskuratu nahi ditu Irunen kanpaina horren bitartez eta ondoren, etxebizitza horiek alokairu sozialera bideratzea da helburua. Euskal Autonomia Erkidego (EAE) mailako kanpaina da Jaurlaritzarena. ”Kanpaina honekin bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, etxebizitza hutsak erabiltzea eta bestetik, etxebizitza huts horiek Jaurlaritzaren alokairuaren parkera sartuz, alokairuan etxe bat eskatzen duen jendeari erantzun bat eman ahal izatea”, azaldu zuen Irune Berasaluze Alokabide enpresaren zuzendari orokorrak.
Hori horrela, Jaurlaritzak Alokabideren bidez kudeatzen dituen programa ezberdinen berri ematen die etxebizitza hutsetako jabeei, eta Berasaluzek adierazi zuenez, “argi utzi nahi dieguna da, etxebizitza bat alokairuan jartzeak atzera botatzen duen merkatuaren segurtasun falta horren aurrean, Jaurlaritzak eskaintzen du lasaitasuna, segurtasuna eta berme bat”. Errenta ordaintzeko eta etxea egoera onean bueltatzeko ardura hartzen du beraz Jaurlaritzak maizterrekin programa horien bitartez.
Eredu “jasangarriago” baten alde
EAEn 80.000 bat etxebizitza huts daude Alokabideren datuen arabera eta horietatik 42.000 bat alokairuan esleitzeko moduan daudela uste du Berasaluzek. Hala, Alokabiden eskatzaile gisa 46.000 lagun izena emanda daudela aipatu du zuzendariak eta beraz, zenbaki guztiak kontuan hartuta etxebizitza eredu “jasangarriago baten alde” apustu egin daitekeela sinetsita dago.
Irune Berasaluze Alokabideko zuzendaria
Hori horrela, krisi ekonomikoa hasi zenetik etxebizitzen salmentak behera egin duen arren, alokairu sozial bat eskuratzeko izena eman dutenen kopurua nabarmen igo dela baieztatu du Berasaluzek. Hala, Alokabideren programen bitartez merkatu librean baino prezio baxuagoan alokatu arren, bermea da Jaurlaritzak ziurtatzen duena, “eta etxebizitza huts bati etekina ateratzeko modu bat ere da”, erantsi zuen zuzendariak.
Bi motatako programak
Alokabidek bi programa ezberdin kudeatzen dituela azaldu zuen arduradunak. Lehena, Bizigune programa litzateke eta bestea, ASAP programa. Bizigune programaren arabera, maizterrak Alokabideren esku uzten ditu egin beharreko izapide guztiak eta horren truke, hilero merkatu errenta bat jasotzen dute. Beraz, maizterrak ez du inolako harremanik errentariekin.
Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa (ASAP) programak bestalde, berme guztiak ziurtatzen ditu baina “jabeei eskaintzen zaizkien bermeen ordainetan Eusko Jaurlaritzak gehienezko alokairu errenta zein izan daitekeen zehazten du, merkatu librekoak baino prezio baxuagoak eta lehiakorragoak eskainiz”. Kasu honetan hala ere, Alokabide errentariak eta maizterrak harremanetan jartzeaz arduratzen da, baina ondoren egin beharreko izapide guztiak bien artean konpondu beharko lituzkete.
Eskatzaile gisa izena emateko EAEn erroldatua egon behar da. Horrez gain, urtero 3.000 eta 23.000 euro arteko lansaria izan behar dute eskatzaileekBizigune programan, eta 39.000 eurorainokoa asko jota ASAPen.
Hala, eskatzaileek ez dute euren soldaten %30a baino gehiago ordainduko. Beraz, errentariak ordaindu dezakeenaren eta alokairuarengatik jabearekin finkatutako kopuruaren arteko diferentzia Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain. Berasaluzeren arabera, 21 milioi euro bideratzen dira hori estaltzera.
Informazio gehiago eskuratu nahi duten lagunek
Alokabideren webgunera jo edo 900 251 251 debaldeko telefono zenbakira dei dezakete.