Ezkerraldeako Adarrots folk taldeak kontzertu berezia emango du bihar Hondarribiko Banako tabernan, bete dituzten hamar urteak direla-eta. Iñigo Carballo albokariak azaldu duenez, taldearen eboluzioa ezagutzeko balioko du emanaldiak.

Adarrots taldea. Betaurrekoduna da Carballo
Hamar urte, hamar abestitan laburbilduta. Proposamen hori eramango du bihar (larunbata) Banako tabernara Adarrots folk talde bizkaitarrak, 20:00etan. Taldea sortu zenetik hamar urte pasatu zirela ospatzeko, Ezkerraldekoek
Adarraren hotsa. Nahia egi bihurtzearen bidea kaleratu zuten 2014 urte bukaeran, eta proiekzio-kontzertu formatuan taularatuko dute. Iñigo Carballo (Portugalete, 1974) albokariaren ustez, “azkar” joan zaizkie hamar urteak.
Hamar urte egin dituzue. Nolakoak izan dira zuentzat?
Taldean oso azkar pasatu dira. Musika egiteko asmoarekin hasi ginen, besterik ez, baina dinamika bat hartzen hasi zen, eta talde baten itxura eman genion. Hortik aurrera gure abesti propioak sortzen hasi ginen. Taldearentzat une oso inportantea 2009an etorri zen, Mendebala maketa lehiaketa irabazi eta diskoa grabatzeko aukera izan genuenean.
Momentu txarrak ere izan ditugu; txarrena, dudarik gabe, taldekide baten heriotza, justu urte edo momentu horretan ere.
Hori guztia jaso duzue CD-DVDan.
Bai. Batetik, hamar urteak laburbiltzen dituen dokumental bat, bestetik, musika konpaktu bat hamar abestirekin, urte bakoitzeko bat, eta azkenik liburuxka bat ere badago.

Banakon joko dute, doan
Kontzertu bereziak antolatu dituzue. Nolakoa izango da biharkoa?
Ideia da ikuskizun honetan dena batera ematea, dokumentala zatitu egin dugu proiektatzeko. Hamar abestiak zuzenean jotzen ditugu, eta bitartean pantailan hitzak eta argazkiak eta abar azaltzen dira.
Taldearen eboluzioa ezagutzeko aukera izango da, hortaz. Nolakoa izan da eboluzio hori?
Handia. Gu bertsioak egiten hasi ginen, beste taldeen moldaketak. Adibidez, ikuskizuna irekitzen duen abestia Oskorri taldearen abesti baten moldaketa da, guk atera genuen lehena. Hortik aurrera erabaki genuen gure abesti propioak egitea, eta lehen diskoan azaltzen dira. Bigarrenean soinu indartsuagoa bilatu genuen.
Folk tradizionala maite duzue, baina baita folk garaikidea. Zer gehiago?
Askotan esaten digute guk egiten dugun musika tradizionala dela, baina guk ez dugu hori uste. Agian albokaren sonoritateak itxura hori ematen dio, baina gauza desberdinak egiten ausartzen gara; folka musika elektronikarekin nahastu izan dugu.
Zer deskubrituko du bihar Banakon Adarrots ezagutzen ez duenak?
Euskal folk musika entzungo du, arimatik ateratzen dena, ahots oso politarekin, eta jendearen aurrean jotzea gustuko duen talde bat aurkituko du. Abesti lasaiagoak, eta beste batzuk indartsuagoak entzungo ditu. Eta gure taldearen eboluzioa ezagutuko du.