"2015a beltz kolorekoa izango da"
Musika, ikus-entzunezkoak eta orain, eleberri grafikoa. 1965etik aurrera izandako gatazka eta borroketan zehar bidaia egiteko gonbitea luzatzen du Fermin Muguruzak Black is beltza izenburuko bere azken proiektuan.
Aurretik egindako elkarrizketa batean zure proiektuen oso gainean egotea gustatzen zaizula egotzi zizuten; Harkaitz Canorekin eta Jorge Aldereterekin malgutasun handiagorekin jokatu behar izan al duzu?Hori beraiek esan beharko dizute, baina oso ondo moldatu gara. Aldereteri pelikulak bidaltzen nizkion, berak niri beste erreferentzia batzuk… Oso giro militante batetik dator. Argentinarra da, bere gurasoak diktadura militarretik pasatu dira, bere bikotekidearen ama espetxean izandakoa da, desagertu batzuk dituzte familian… Halako istorio batekin oso inplikatua ibili da. Skype bezalako aurrerapen teknologikoak ere oso lagungarriak izan dira. Gauean hasten nintzen berarekin lanean, eta hor erakusten zizkidan gauzak, eta oso hunkigarria ere da bat-batean zuk zure buruan daukazun sekuentzia bat margotuta ikustea; edo nik bidali diodan zenbait lokalizazio gero nola pasatzen diren marrazkira. Hiru urte hauetan askotan izan naiz Mexikon, batez ere iaz. Eta kontrolarena, bada bai, hor egon naiz. Jaso genituenean marrazki guztiak udan berriz ere elkartu ginen Harkaitz [Cano] eta biok, eta ia-ia osorik berridatzi genuen dena, oso ezberdina delako daukazun gidoia nola egokitzen den eta zenbait gauza nola gelditzen diren. Marrazkiek ere beste gauza batzuk erakusten dizkizute. Mexikoko Guadalajaran egindako Nazioarteko Liburuaren Azokan eleberria aurkeztu zenuten. Aurkezpen gehiago aurreikusi dituzue Han egin genuen aurkezpena hain justu Mexikoko edizioa atera genuelako. Orain Anguleman daukagu aurkezpena hilabete honen amaieran izango den munduko komiki azokarik handienean. Frantsesezko edizioa atera denez, hara noa argitaletxeko lagunekin. Otsailaren 8an bukatuko da Bilboko erakusketa eta baliteke ere erakusketa hori mugitzea eta itinerantzia bat edukitzea. Eta liburua, orain Anguleman, edo inguruan, ingelesez publikatzeko norbait aurkitzea da asmoa. Guadalajaran egon ginenean hitzartu genituen beste bi edizio, bat Kolonbian eta bestea Argentinan. Kolonbiakoa apirilean izango da, eta Argentinakoa irailean. Beraz, 2015a beltz kolorekoa izango da. Erakusketa, jarduera paraleloak… Zer nolako harrera izan du eta zer nolako kritikak jaso ditu? Mundu guztiak esan du izugarria izan dela. Esan behar dut, Alhondigako arduradunekin eta produkzio arduradunekin ere harreman oso-oso ona egin genuela, eta benetan lagundu nautela. Azkenean, egin dudana egitera bultzatu naute. Gainera, ez da bakarrik erakusketa, ekitaldi paraleloak eta unitate pedagogiko bat ere antolatu ditugu, 15 eta 18 urte arteko gazteentzat. Dagoeneko 400 gazte pasatu dira. Atzo [asteartean] eman zizkidaten datuak, eta bi hilabetean 7.000 lagun pasatu direla esan zidaten. Larunbateko manifestazioaren egunean 800 pertsona egon ziren; batez beste 200 bat egunero, eta Gabonetan, 300. Otsailaren 8an bukatuko da, eta jendeak kontuan har dezala astelehenetan itxita dagoela. Irungo lagun batzuk joan ziren, justu, astelehen batean. Eta kritika guztiak eta komentario guztiak izugarriak izan dira: kristorena dela. Gainera, lotzen direnez musika, ikus-entzunezkoa, zinema, komikia, kazetaritza, argazkigintza… Denak bat egiten du panelez panel. Kritika txiki bakar bat ere egin ziguten, paneletan zer dagoen identifikatzea kostatzen dela. Orduan, noski, zenbait museotan egoten dira plastifikatutako paper batzuk non azaltzen den argazki bakoitza zer den, pelikula bakoitza… Baina beno, plano bat ere prestatu dugu, liburuxka bat ekitaldi paralelo guztiekin, argazkiekin. Sortu dugun material guztia indar handikoa eta erabilgarria da. Hamaika proiektutan aritu zara, eta orain euskarri aldaketa honekin animatu zara. Erronkak maite dituzula argi gelditzen da, baina nolakoa izan da aldaketa? Bai, maite ditut, bai. Nik uste dut, ez dela gehiegi ikertu behar ikusteko nik egin dudan guztian musika dela abiapuntua, eta ikus-entzunezkoa oso harremanduta dagoela musikarekin. Baina komikiarena… Pentsa, Kortaturen lehenengo diskoan jada badauzkagu zenbait kanta daudela oinarrituta komikietan: Mañana sol y buen tiempo Montesolek egin zituen bineta batzuetan oinarrituta dago; El estado del las cosas-en dago Nivel 30; Kolpez kolpe-n dago After Boltxebike, Oñatin zegoen komiki fanzine batean oinarrituta; eta Negurekin [Gorriak] Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan kanta bakoitza Asisko Urmenetak margotua da. Orain CDan sekulako marrazkiak izaten dira, baina lehen, biniloetan, sekulako liburuxkak egiten genituen, eta kanta bakoitzak zeukan marrazki bat Asisko Urmenetak egiten zituenak. Beti egon da komikia hor. Orain, pelikula baterako gidoi bat idazten hastean, story board bat egin beharrean, egiten duguna da komiki bat. Dena oso gertu daukat. Esango bazenit egin dudala erakusketa bat nik egindako marrazkiekin, hori bai izango litzatekeela harritzekoa, baina halako gauza bat, nik gidoi bat egitea eta elkarlanean aritzea ilustratzaile batekin… Ezagutzen nauena ez dut uste harrituko denik.Iruñeko erraldoi beltzei desfilatzea debekatu zieten, arrazakeria medio»
Aurrera begira ba al duzu proiekturen bat esku artean dagoeneko? Ez. Berriz ere, zerbaitekin nago, sekulako lana egiten dut, ailegatzen naiz amildegiaren ertzera, eta erori baino lehen atseden hartzen dut. Imajina ezazu, proiektu honekin berriz ere egon naiz medio guztietan, telebista eta guzti. Hamar urte pasatu dira ez nintzela ETB2n agertzen. Gehiegizko esposizio horrek ere asko erretzen nau, eta berriz ere bolada baterako desagertzea pentsatu dut. Saiatuko naiz politikaren alde, ikusten ez den lan hori egiten. Baina orain dena izango da Black is beltza-ren inguruan. Horretan nago gainera, horretarako jarri dut sekulako indarra, baita ahalik eta toki gehienetara zabaltzeko ere. Egin dituzun proiektu guztien artean, bat aukeratu ahalko zenuke? Ez, ezinezkoa da. Askotan ere galdetu izan didate zein disko aukeratuko nukeen. Ezin dut. Nik, 1985ean adibidez, egin nezakeen gauzarik onena izan zen Kortaturen lehenengo diskoa, baina 1986an El estado de las cosas egin genuen, eta 1999an, indartsuena, interesgarriena eta hunkigarriena Brigadistak Sound System izan zen, eta gero izan zen Dub Manifest, eta hortik In-komunikazioa, pelikulak, Al Jazeerarekin lan egindako bi urteak… Egokitu zait nire bizitzaren kapitulu bakoitzean zerbaitekin harremantzea, eta atzera begiratzen dudanean, oso harro nago egindako gauza guztiekin. 2013an No More Tour-rena izan zen, 2014a Black is beltz-arena, eta 2015a horren jarraipena izango da. Harkaitzek eta biok oraindik ez dugu kendu burutik pelikula bat egitea Black is beltza-rekin. Duela bost urte idazten hasi ginela ikusita ba agian… Baina bai, momentu bakoitzean garatu dudan proiektua nire proiekturik onena izan da.Oraindik ez dugu kendu burutik pelikula bat egitea ‘Black is beltza’-rekin»