Esne Beltza utzita, orain arteko proiektu pertsonalena atera du labetik Sergio Patxuko Ordoñez irundarrak. Bihar 435.0 diskoa aurkeztuko dute Psilocybenean. Beste erritmo bat nahi zuela onartu du irundarrak, eta hori da Patxuko Nice, "lokaleko taldea".
Hamasei urterekin igo zen lehen aldiz eszenatoki batera Sergio Patxuko Ordoñez (Irun, 1972), eta oraindik ez du jaisteko asmorik. Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltzarekin aritu izan da, besteren artean, baina azaroan orain arteko proiektu pertsonalena atera zuen labetik, Patxuko Nice taldea.
Irundarrarekin batera, Ernesto Villar (gitarra, teklatuak, koruak) eta Eneko Fernandez (bateria) hondarribiarrak, Jon Mari Beasain ereñozutarra (gitarra, koruak, pandereta) eta Dafnis Linares mexikarra (baxua, koruak) daude taldean. 435.0 diskoa kaleratu dute 5Gora diskoaetxearekin eta bihar Hondarribian aurkeztuko dute, Psilocybenean. Aurretik Sangre de Mono taldeak joko du, 22:00etan.
Durangoko Azokaren aurretik kaleratu zenuten 435.0 diskoa. Zer moduz joan da?
Lasai hartu dugu, Jon Mari [Beasain] Esne Beltzarekin ibili delako. Orain bukatu dute bira eta hiruzpalau hilabeteko atsedena hartuko dute. Tarte hori aprobetxatuko dugu guk, diskoa aurkezteko eta jendeari erakusteko zer den egiten duguna. Baditugu udaberrira arte hamabi kontzertu zehaztuta, bat edo beste Lurra taldearekin… Urte askotan ezagututako jendeari, egindako kontaktuei esker mugituko gara.
Hori udaberrira arte, eta gero, Esne Beltza itzultzen denean?
Ez dakigu. Gure lehen helburua da diskoaren aurkezpena egitea, gero ikusiko dugu zer egiten dugun, Jon Mariren ordez beste gitarra bat hartu… ez dakigu. Disko batzuk egin nahi ditugu, baina lasai hartuta. Ni orain zirkuitutik atera naiz, kristoren kaña izan da niretzat, kontzertuak [Esne Beltzarekin], lana, familia… Atsedena behar nuen eta ilusio pila dugu proiektu berriarekin. Deitzen badigute jotzeko, bikain, baina ez dugu horren premia, helburua ez da hori.
Orain arte egin duzunetik zertan bereizten da Patxuko Nice.
Betidanik egon naiz musikan. Hamasei urterekin eman nuen lehen kontzertua Latitud 0 Irungo pop taldearekin. Proiektu pila batetan egon naiz, Joxe Ripiau, Esne Beltza, Oscar Benasekin beti, eta datorren urtean ere ziurrenik zerbait egingo dut berarekin… Baina Patxuko Nice desberdina da. Diskoan pop musika, ska, baladak… daude. Oso anitza da.
Jendeak esan izan dit, ‘uste nuen ska gehiago sartuko zenuela’, baina gu batez ere lokaleko taldea gara, momentukoa ateratzen zaigu. Lokalean sartu eta zerotik hastea gustatzen zait, inolako aurreiritzirik gabe. Ernestok [Villar] british doinua maite du, pedalekin jokatzea, oso Hondarribikoa den doinu hori; aldiz, Esne Beltza oso urruti geratzen zaio. Oso desberdinak gara eta hori nabari da, ez dugu mugarik jarri eta hori da Patxuko Nice.
Eta gauza bat argi badago niretzat, hori da talde bat garela, ez Patxukoren taldea. Nik beste izen bat nahi nuen taldearentzat, izen pila bat pentsatu nituen taldeari jartzeko, baina beraiek uste zuten nire izena eraman behar zuela, ezagunagoa naizelako. Azkenean, horrela erabaki genuen, baina taldea gara.
Horregatik du izen hori diskoak, 435.0, taldekideen pisua?
Bai. Kofradiara [Hondarribikora] joan ginen argazki batzuk ateratzera. Balantza piztua zegoen eta hasieran ez ginen konturatu, eta hor jarri nintzenean hasi ziren zenbakiak goraka. Barre batzuk egin genituen, niri gehiegi markatzen zidalako [barre egiten du], eta hor bururatu zitzaigun diskoari izenburu hori jartzea, taldekideen pisuaren batuketa. Diskoa oso desberdina da, hainbat poeten letrak daude, ez genekien nondik jo, eta hori bururatu zitzaigun.
‘435.0’ diskoa anitza dela dio, lokalean zerotik hasten direlako, mugarik gabe
Psilocybenean aurkeztuko duzue. Nolako aurkezpena izango da?
Sangre de Mono taldeak ere joko du, irundarrak, eta beraiek jende asko eramaten dute. Rumba, reggae, estilo asko nahasten dituzte eta oso onak dira. Guk crowdfunding bitartez atera dugu diskoa eta 40-50 bat lagunek sarrera dute horri esker. Ez dakigu beteko den, baina kristoren giroa egongo dela, hori seguru. Lagun asko, aspaldikoak…
Polita izango da lagun horien aurrean abestea.
Zorte izugarria izan dut. Oso gazte nintzela Joxe Ripiaurekin hasi nintzen, Jabier eta Iñigorekin [Muguruza anaiak] eta Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera izan nuen. Nire gurasoak bezala izan ziren, asko ikasi nuen beraiengandik. Esne Beltzarekin ere, haiekin oso ondo egon naiz, baina atsedena behar nuen, eta beraientzat putada bat izan da, baina beti egon dira nirekin. Baina egia da nik erritmo hori ja ez nuela nahi.
Horretan oso desberdina da Patxuko Nice?
Bai, egia da luzerako proiektua izatea nahi dudala, baina beste era batekoa. Esaterako, gure kontaktuei deitu eta asteburu pasa Kataluniara joan, han jotzeko gastuen truke, ba horrelakoak bai, baina ez dugu pistolarik buruan, ez dugu presio hori. Beste erritmo bat nahi dut.
Zuk askorekin kolaboratu izan duzun bezala, aukera izango duzue zuek ere kolaborazioak eskatzeko.
Baina ez nuen hori nahi, banuen aukera bai, baina ez nuen nahi, gu nor garen erakustea nahi nuen, gu eta puntu, lokalean elkartzen garenak, % 100ean.
Udan zer egingo duzuen ez badakizue, ez dizut galdetuko hurrengo diskoa noizko nahi duzuen…
[Azkar erantzun du] Hurrengo negurako, Durangoko Azokarako.
Azkar, ez?
Bai, buruan ideia piloa dut. Nik asko disfrutatzen dut sortzen. Gero ez dakit onak izango diren ala ez, hori publikoak esango du, baina abesti piloa dut buruan. Diskoak bi hilabete ditu eta aspertuta nauka, berria behar dut, mugimendua. Hori da nire arazoa, nire burua horrelakoa dela. Horregatik maite dut hainbeste lokalera joatea, abesti berriak sortzeko. Ideia hori da, negurako zazpi zortzi abesti grabatzea, baina ikusiko dugu uda nola joaten den, eta taldekideak nola dabiltzan, faktore asko daudelako.
435.0 Diskoaren aurkezpeneko kontzertuak
Hilak 10. Psilocybe aretoan (Hondarribia). Sangre de Mono taldearekin
Hilak 31. Intxaurrondo K. E. (Donosti) Lauroba eta Beñat Igerabiderekin
Otsailak 12. Kafe antzokia (Bilbo) Lurra taldearekin
Otsailak 14. Alai taberna (Galdakao)
Otsailak 16. Iñauterietako txosnak (Tolosa)
Otsailak 20. Beiko zini kafe antzokia (Ondarru) Lurra taldearekin
Otsailak 27. Zubi punta taberna (Erratzu)
Martxoak 1. Hala bedi Taberna (Gasteiz)
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.