Oiasso museoko termak hobeto kontserbatzeko lanak bukatu dituzte
Museoaren atzealdean daude termak eta eraikinaren parte izateko proiektua garatu bitartean aztarna arkeologikoak "ahalik eta hoberen kontserbatzea" da helburua.
Oiasso Erromatar Museoko termak ahalik eta modu egokienean kontserbatzeko lanak bukaerara iritsi direla jakinarazi du Irungo Udalaren Obra departamentuak. Termak eraikinaren atzealdeko larrean daude eta orain arte txapa eta egurrez osatutako azpiegitura batek estaltzen zituen. Hala ere, etorkizun batean museoaren eraikinaren parte izateko proiektua aurrera eraman nahi du udalak, baina hori garatu ahal izan arte, “ahalik eta hoberen kontserbatzea” da asmoa Cristina Laborda arloko arduradunak adierazi duenez.
Hala, altzairuzko egitura batekin estali dituzte oraingoan erromatarren garaiko termak. Sistema berriak termak hobeto isolatzeaz gain, mantenua eta uren bilketa errazten du.
Erromatarren arrasto arkeologiko hauek 1996an aurkitu zituzten. Arkeologoek I. mendekoak jo dituzte aztarnak.