Hilaren 30etik otsailaren 1era egingo dute campusa Arritxuloko aterpetxean. Plazak mugatuak dira, ahalik eta azkarren eman behar da izena. Goi mailako mendiko lasterkariek parte hartuko dute, kirol eta osasun arloko hainbat profesionalekin batera.
Euskal Herrian sona handia hartzen ari dira mendiko lasterketak. Horren jakitun, ElikaEsport eta Osasunaz ElikaSport KE-k mendiko lasterketen campusa antolatu dute Oiartzungo Arritxuloko aterpetxean, hilaren 30etik (ostirala), otsailaren 1era (igandea). Bertan izena emateko epea zabalik dago,
posta elektroniko bidez edo
webgune bidez. Bertara idatzita ere campusaren gaineko informazio zabalagoa lor daiteke.
Teoria eta praktika landuko dituzte hiru egun horietan. Horrela, atal teorikoa
Aritz Urdanpilleta eta Ana Saulo kirol prestatzaile zein nutrizionistek landuko dute hainbat hitzaldi eta tailerren bitartez, Jon Lorenzorekin batera: azken honek indarreko tailerra emango du.
Atal praktikoari dagokionez, entrenamenduak egingo dituzte parte hartzaileek goi mailako mendi lasterkariekin, hala nola Maite Maiora, Oihana Kortazar, Aritz Egea, Silvia Trigueros, Gorka Berjon edo Jon Azpiroz. Horiek euren esperientzien berri emango dute ere. Eta gainera, entrenamendu saioak Oiartzungo mendietan zehar izango direnez, Gorka Hertze oiartzuarrak gidari lanak egingo ditu horietan.
Azkenik, mendiko lasterketan antolatzen eskarmentua dutenek ere partaidetza izango dute campusean. Esaterako, Zegama-Aizkorri antolatzen duen Ainhoa Txurruka eta Gorbeiako zuzien lasterketa antolatzen duen Kristina Ruizek hainbat azalpen emango dituzte mendiko proben antolaketari buruzkoak.
Berez, 20 pertsonentzako tokia dago campusean. Eta izena emateko lehen epea urtarrilaren 11n bukatuko da. Handik aurrera garestiagoak izango dira matrikulak.