Asteazkenean bildu zen Irungo Udalbatza ez ohiko plenoan gaiari buruz eztabaidatzeko. PSEren, PPren eta EAJren botoekin aurrera atera zuten Arasoko lur industrialak komertzial bilakatzeko proiektua; EH Bilduk aurka egin zuen.
Araso industriagunea
Araso industriaguneko lurrak birkalifikatzearen alde egin zuen Irungo Udalbatzaren gehiengoak herenegun egindako ez ohiko plenoan. PSEren, PPren eta EAJren aldeko botoekin aurrera atera zen proposamena; EH Bilduk aurka egin zuen, eta EBren udal taldeko Manuel Millan bozeramaile eta hautetsi bakarra ez zen bilkuran izan.
Industriagunearen iparraldeko lurrak birkalifikatzeari ekingo dio beraz Irungo Udalak –EH Bilduren arabera 15.000 metro koadro–, erabilera industrialetik komertzialera igarotzeko. Horrek ahalbidetuko du EAEko lehenbiziko Mercadona hipermerkatua Irunen finkatzea. “Hirirako jarduera ekonomiko berriak” sortzearen aldeko iritzia helarazi zuen tokiko gobernuaren Miguel Angel Paez Hirigintza delegatuak. “Langabeentzako aukera bat” izan daitekeela gaineratu zuen.
Ildo beretik mintzatu ziren EAJren Xabier Iridoy eta PPren Juana de Bengoetxea bozeramaileak. Haien ustetan gainera, Irunen eraikiko ez balitz “hemendik 15 kilometrora” eraikiko litzateke, eta horrek “benetako ondorio negatiboak eragingo lituzke kontsumoan eta lanpostuen sorreran”.
“Udal gobernuak hiri eredu agortu bat bultzatzen jarraitzen du”
EH Bilduren udal taldeko Oinatz Mitxelena bozeramaileak koalizioko kideen aurkako jarrera agerian utzi nahi izan zuen udalbatzarra igarota. Irungo “erdiguneko eta auzoetako komertzioaren aldeko apustua” berretsi zuen beste behin Mitxelenak eta udal gobernuari hiri eredu agortu bat bultzatzea leporatu zion: “Udal gobernu honek ez du merkataritzarako estrategia garbirik, inertziaz hiri eredu agortu bat bultzatzen jarraitzen du”.
Araso industriagunea
Hori horrela, koalizioko kideentzat saltoki txikiak eta kate handiak “ezin ditugu balantzan parekatu, argi dago gertuko komertzioa desabantailan dagoela, ezin daitezke prezioan lehiatu, baina bai ordea zerbitzuan”. Zentzu horretan, komertzio txikiak formazio ikastaroekin, diru baliabideekin, publizitatearekin… laguntzea beharrezkoa jotzen dute.
Lanpostuen sorrerarekin ere bestelako iritzia argi utzi nahi izan zuten abertzaleek: “Kalkuluak eginak daude eta halako ekipamenduak jartzen direnean sortzen den postu bakoitzetik 1,5 galdu egiten dira”.
Irabazi iniziatiba berria ere, aurka
EH Bilduren udal taldeak egindako azken baieztapen horrekin bat egin du
Irabazi Irun iniziatiba politiko berriak aste honetan. Momentuz ordezkaritza politikorik ez duen arren, Irungo Udalbatzak hartutako erabakiaren aurkako jarrera agerian utzi nahi izan dute komunikabideetara igorritako oharrean.
“Tokian tokiko jardueraren aldeko politika iraunkorra” eta bertako saltokien “defentsa” argudiatu dituzte aurkako jarrera arrazoitzeko. Era berean, “kotxearen erabilera sustatzea” eta “komertzioak hiriguneetatik urruntzea” leporatu dizkio udal gobernuari. Hori dela eta, “eredu neoliberal eta
desarrollista honi obeditzen dion dinamika aldatzearen alde” egiteko galdegin die tokiko agintariei.
Azkenik, Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistak salatu bezala, neurri guzti hauek “landa lurraren desagerpena” dakarrela gogora ekarri du iniziatiba berriak.
Nekazariena industriarako eta industriarena komertziorako
Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistak azaroa bukaeran eskatu zion Irungo Udalari Mercadonaren proiektua bertan behera uzteko. Izan ere, Landetxa-Katean abeltzaintzarako eta nekazaritzarako lurrak zirenak industrial bilakatu zituen udalak lehen birkalifikazio baten bitartez Araso industriagunea eraiki ahal izateko.
“Arasoko harana Katea auzoko nekazaritza eta abeltzaintza eremua zen, egungo eta etorkizuneko industria lurren beharrak asetzeko eta lanpostu berriak sortzeko industria gune modura birkalifikatu zen arte”, adierazi zuen gutun baten bidez taldeak, eta horrek “balio ekologiko handiko gune baten galera suposatu zuen”.
Hori horrela, lur industrial hori “beste zereginetarako erabiltzeak etorkizunean bertan kokatu nahiko luketen industrien ezarpena hipotekatzen du” eta horren ondorioz “nekazal eremu berriak birkalifikatu beharko direla industriaren lur beharrak asetzeko” uste du taldeak.