2015eko lehen bertso gauari helduko dio Kabigorrik etzi ostegunarekin, 19:30etik aurrera. Horrez gain, Laura San Juan artistaren Wine's spirit izenburuko erakusketa ikusgai jarri dute hil honetan zehar.
Eskaintza kulturalaren aldeko apustuarekin aurrera jarraituko du Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak 2015ean zehar. Eta ildo horretan, bi dira momentura arte argitara emandako hitzorduak: lehena, ostegunetako bertso gauak eta bigarrena, Laura San Juanek ekoiztutako margolanen erakusketa.
Hala, etzi ostegunarekin itzuliko dira Irunabar bertsolarien elkarteak antolatutako bertso gauak. Urko Casado, Nerea Ibarzabal, Jon Martin eta Julen Zelaieta ariko dira oholtza gainean, eta Karlos Aizpurua bere aldetik, gai jartzaile lanetan. 19:30ean hasiera emango diote 2015eko lehen bertso gauari.
Bestalde, Laura San Juan artistaren margolanak ikusgai izango dira hil honetan zehar.
Wine’s spirit izenpeko erakusketa osatu du artista donostiarrak eta collagea, akrilikoak, tintak, kobrea, zilarra eta urrea erabili ditu horretarako. Ardoak eragindako zoriontasuna irudikatu nahi izan du San Juanek erakusketa honetan.