Urtea bukatzeko, txapela jantzi
Jon Pagadizabalek bost txapela irabazi ditu 2014an, azkena Bergarako lau t'erdikoa. Abenduaren 31ean bukatu zuten finala, goizez, 300 ikusleren aurrean eta giro politarekin.
Jon Pagadizabal pilotari hondarribiarrak Bergarako lau t’erdiko txapelketa irabaziz bukatu zuen urtea, gabon zahar egunean jokatutako finalean Iñaki Sanchez etxeko pilotaria gaindituta (22-17). Aurretik, Ioritz Agirre zumaiarraren kontra irabazita zegoen hondarribiarra, finalerdietan.
Partidaren ostean Pagadizabalek onartu zuenez, lasai irten zen kantxara eta hori lagun izan zuenez partida ona egiteko: “Normala zen moduan, zale ugari eraman du berak baina hala ere ez naiz oso urduri jarri eta nire lana ongi egin ahal izan dut. Partidu gogorra izan da, tanto azkarrekin; hasieran berak tantoz tanto aldea hartzea lortu du, baina ondoren 12na jarri gara”.
Lan erditara berdinduta iritsi eta gero, bigarren zatian hondarribiarrak aurrea hartu zuen markagailuan, bere pilotarekin sakean asmatuz. Azken emaitzak erakusten duen bezala, askoz gehiago izan zen hondarribiarra, partidaren amaieran.
Profesionalen oihartzunik gabe, 2014an sei final jokatu ditu Pagadizabalek, eta horietatik bost irabazi. “Final honekin urteari amaiera bikaina eman diot”, erantsi du hondarribiar pilotari gazteak.