Oarsoaldea da 2014an langabezia gehien jaitsi den Gipuzkoako eskualdea
2013ko abendutik 2014kora %6,28 jaitsi da langabezia tasa. Bidasoan jaitsiera ez da hain nabarmena izan, -%0.53. Bi eskualdeen artean 10.861 lagun daude lanik gabe.
%6,28ko beherakadarekin, Oarsoaldea da Gipuzkoan 2014n zehar langabezia gehien jaitsi den eskualdea. Eta langabezia gehien zuen bigarren eskualdea izatetik hirugarrena izatera pasatu da, Behe Bidasoa eta Debabarrenaren (hirugarren postuan zegoen azken eskualde hau aurretik) atzetik. Horrela, Oarsoaldean, 2013ko abenduaren 31n 5.350 pertsona zeuden lanik gabe, eta egun, 5.104 daude, 336 gutxiago orotara. Oarsoaldeko langabezia tasa %14,35ekoa da egun.
Behe Bidasoan (Irun eta Hondarribia) langabezia tasa ere jaitsi da 2014n, baina askoz modu apalagoan, %0,53 denera. 2013aren bukaeran 5.878 pertsona zeuden lanik gabe bertan, eta 2014ko azken hilabeteko datuen arabera, 5.847; 31 gutxiago. Bidasoko langabezia tasa %15,58koa da egun.
Oarsoaldeko eta Bidasoko datuak, baina 2014ko azarotik abendurako tartean, onak izan dira. Urteko azken hilabetean 76 pertsonatan jaitsi da Bidasoan, eta Oarsoaldean, berriz, 179an.
Gipuzkoako datuak
Herrialdean, egun, 46.007 pertsona daude lanik gabe (%13,32ko tasa), 2013ko abenduaren 31n 46.612 zeuden bitartean (%13,76). Tasarik altuena duen eskualdea Behe Bidasoa da, ondoren Debabarrena (%14,96) eta Oarsoaldea doazela. Langabezia gutxien Goierrin (%11,12) eta Urola Kostan (%11,7) dute. Gipuzkoan, urtetik urtera, %1,3 jaitsi da langabezia tasa.