Mitxintxolako igoeran, Iñaki Lopetegi irundarra eta Lurdes Oiartzabal lezoarra podiumaren gailurrean
Probaren bosgarren edizioa egin dute. Plazatik gainera abiatu zen martxan hamarnaka herritar bildu dira.
Hasi dira 2015eko lasterketak. Atzo egin zuten Pasai Donibanen, Itsas Mendi elkarteak antolatua, Mitxintxolako V. Igoera, Donibaneko plazatik MItxintxolako gainera 3,4 kiometroko bidea eginez. Bertan, gizonetan, Iñaki Lopetegi Arruabarrena irundarra izan zen garaile, bigarren Alberto Chacon errenteriarra eta Aritz Urdanpilleta oiartzuarra izan zirelarik. Laugarren Richard Rivera lezoarra izan zen. Emakumeetan, berriz, Lurdes Oiartzabal lezoarrak 2014ko amaiera ezin hobeari segida eman zion garaipena lortuz, bigarrena Uxune Tena izan zen, Ana Cruz pasaitarraren eta Eneritz Arbelaitz oiartzuarraren aurretik. 14 urtez azpikoetan ere banatu zituzten sariak.
Urteko lehen proba izanda, eta laino artean, parte hartzaile mordoa bildu zen atzo Donibanen. Igoeraren ondoren, Jaizkibelgo Kantinan, sariak banatu aurretik salda beroa eta txorizo egosia jateko aukera izan zuten parte hartzaileek eta korrikalariek. Bertan, Mitxintxolako gainean bezala, ikusle asko izan ziren, 10:00etan plazatik abiatu zen martxan herritar askok parte hartu baitzuten mendia eta kirola uztartzen dituen jarduerarekin bat eginez.