Hondarribiak Anaitasunaren kontra berdinketa garrantzitsua lortu du
Etxeko taldea lehen zatian nagusi izan zen eta lehen gola 71. minutuan sartu zuen. Azkoitiko taldeak penalti bat huts egin zuen eta aukera asko izan zituen hiru puntuak lortzeko. Sailkapeneko azkenaurrekoak dira berdeak, baina datorren asteburuan koska bat igotzeko aukera izango dute, Usurbilen.
Puntu baliotsua lortu zuen larunbatean Ohorezko Mailako Hondarribiak, Hondartza futbol zelaian Anaitasunarekin 1-1 berdinduta. Egia da etxean puntu bakarra lortzea ez dirudiela asko, baina aurrean talde indartsua zuten berdeek, azkoitiarrak sailkapeneko laugarren tokian baitaude.
Partidako lehen minutuetan indartsu zelairatu zen Anaitasuna, baina pixkanaka etxekoek ondo kokatzea lortu zuten eta baloiaren jabetza bereganatu. Lehen zatian Hondarribiak arrisku gehiago sortu zuen, baina ezin izan zuen markagailua mugitu.
Bigarren zatiaren hasieran ere kanpokoak gogotsu zelairatu ziren, eta lehen zatian baino gehiago iritsi ziren etxekoen areara. Hala, Hondarribiak kontraerasoan sartu zuen bere gola, 71. minutuan. Lehen gola etxekoek sartu arren, bigarren zatian Anaitasunak egin zituen jokaldi arriskutsuenak, batzuk oso garbiak.
Gorriek hamar minutu falta zirenean berdindu zuten, Aramendiren gol batekin. Berdeak irabaztetik gertu izan ziren, baina beste era batera ere izan zitekeen, Anaitasunak penalti bat huts egin zuelako (75. minutuan) —atezainak gelditu zuen— eta bi baloi jaurti zituelako langara, bigarrena araututako denbora agortuta zegoenean.
Datorren asteburuan hiru puntu baino gehiago izango ditu jokoan Hondarribiak. Usurbilen jokatuko du, aurkari zuzen baten kontra. Hondarribia azkenaurrekoa da sailkapenean, eta Usurbil azken hirugarrena. Usurbildarrek bi puntu gehiago dituzte, eta hortaz, berdeak nagusituz gero, sailkapenean aurreratuko lituzkete eta jaitsierako postuetatik kanpora hasiko lukete bigarren itzulia.