Trenean iritsiko dira Errege Magoak
Aurreikusitakoaren arabera, astelehenean 18:00etan iritsiko dira Errege Magoak eta pajeak lehen aldiz Adif-en aldiriko tren geltokiko hallera. Horren ondotik, urteroko desfilea egingo dute Irungo kaleetan zehar.
Etzi igandearekin jasoko dituzte Errege Magoek Irungo umeen gutunak, udaletxeko bilkura aretoan, 16:00etan. Haurrak agurtu, desiratutako oparien zerrenda bildu eta ahalik eta modu orekatuenean saiatuko dira opariak banatzen beste urte batez hiru erregeak. Baina umeek hainbeste maite duten eguna baino lehen, urteroko kabalgata egingo dute Irungo kaleetan barrena.
Hala lehen aldiz, Adif-en aldiriko tren geltokiko hallera iritsiko dira Errege Magoak eta pajeak astelehenean, 18:00etan. Bidasotarra 7301 Trenbidearen Lagunak Elkarteak antolatutako iniziatiba bat da, eta “burdinbidearen leku askotan ohiko tradizioa dena” Irunen ere txertatu nahi dute era horretan.
Hori horrela, Letxunborro hiribideko Zubimuxu biribilgunetik aterako da kabalgata. Hondarribia kalea eta Colon pasealekua igarota udaletxera zuzenduko dira hiru erregeak, balkoitik urteroko diskurtsoa irakurtzeko prest.