Bi emakumeri poltsak ustez lapurtzeagatik espetxeratu dute gizon bat
Lehenengo lapurreta asteazken gauean izan zen, 22:00ak inguruan, Erdiko Kalean. Laban batekin mehatxatu zituen bi emakume eta laguntzera joan zitzaien gizon bat. Bigarren lapurreta 02:30ean izan zen, Musika Plazan, eta poltsa bat lapurtzeaz gain, bikote bat mehatxatu zuen.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 52 urteko gizona Martuteneko espetxera bidali du epaileak gaur eguerdian, atzo goizean bi emakumeri bortxaz poltsak lapurtu dizkielakoan. Atzo goizean atxilotu zuten.
Lehenengo lapurreta asteazken gauean izan zen, 22:00ak inguruan, Erdiko Kalean. Bi emakume bertatik pasatzen ari ziren, eta horietako bati poltsatik tira egin zion gizon batek. Emakumeak aurre egin zion, eta gizonak laban bat atera zuen. Auzokide batek oihuak entzun eta gizonaren atzetik atera zen korrika, eta hari ere armarekin mehatxu egin zion.
Beste lapurreta goizaldeko 02:30ean izan zen, Musika Plazan. Emakume bat bizkarretik heldu eta labanarekin mehatxu egin zion. Poltsa lapurtu zion hari ere. Bikote batek lapurreta ikusi zuen, eta haiek ere mehatxatu zituen.
07:30 inguruan, Udaltzaingoaren patruila batek aurreko bi lapurretetan parte hartu zuen gizonaren ezaugarri fisikoak zituen pertsona bat topatu zuten. Beregana hurbildu, eta miatzean, zazpi zentimetroko laban bat eta hogeiko beste bat aurkitu zizkioten. Ertzainetxera eraman zuten, eta gaur eguerdian epailearen aurrera eraman dute. Espetxeratzeko agindua eman du berak.