Osasun Jardunaldien lehen ekitaldia antolatu dute Ospitale Zaharrean
Jardunaldi irekiak dira, debaldekoak eta hiru saiotan banatuko dira. Hitzordu guztiak Ospitale Zaharrean finkatu ditu Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak.
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak I. Osasun Jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 17rako, 22rako eta 27rako. Jardunaldiak pertsona orori irekiak eta dohainik izango dira. Gorputza eta adimena uztartuko dituzte hiru saioetan. Hitzordu guztiak Ospitale Zaharrean finkatu dituzte.
Azaroaren 17an astelehenarekin egingo dute jardunaldien lehen saioa. Gorka Santalla fisioteraupeta, osteopata eta lesio mota ezberdinetan aditua izango da hizlaria. Ordubeteko hitzaldia emango du Santallak eta elikadurak zer nolako harremana duen oinaze fisikoarekin hizpide izango du. 19:00etan hasiko da hizketaldia.
Azaroaren 22an larunbatarekin, tailer praktikoa egingo dute parte hartzaileek. Sorbalda osasuntsu mantentzeko ariketez gain, etxean mantentze lana egiteko ariketak esplikatuko ditu Kirol Lagun zentroko Iñaki Sanchezek. Goizerako antolatu dute tailerra, 11:00etan abiatuta.
Azkenik, irri terapia tailerra antolatu dute azaroaren 27rako ostegunarekin, 18:00etan hasita. Tolosako Barre Inteligentearen Eskolako kideek emango dute tailerra. Irriak ongizate fisikoa eta psikologikoa izaten laguntzen du eta ongizate emozionalaren eta sozialaren arteko gakoak ezagutzen laguntzeko helburua du.