Gutuna: "Prest gaude dagokiguna ordaintzeko, baina ez gaude prest jasotzen ez dugun zerbitzu batengatik ordaintzeko"
Denis Itxaso San Marko mankomunitateko presidenteak egunotan egindako adierazpenen harira, eskutitza idatzi dute Lezoko, Astigarragako, Hernaniko, Oiartzungo, Pasaiako eta Usurbilgo alkateek.
Lezo, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok hondakinak Atez Ateko biltzeko erabakia hartu genuenetik, gure herrien birziklatze tasak %30etik %80ra igo ziren oso denbora gutxian. Baina tamalez, erabaki hau ez zuen babestu San Markoko mankomunitatea modu ez-naturalean gobernatzen duen Denis Itxaso PSEko kideak eta lehen unetik Atez Ateko Bilketaren kontra jarri zen.
Sei udalerri hauek subiranoki hartutako erabakiaren kontra egin ezinik, hauek ekonomikoki zigortzea erabaki zuen. Nola ordea? gure herrietako atez ateko bilketaren gastu guztiak gure gain hartzera behartuz eta, hori nahikoa ez balitz, gainerako udalerrien (Donostia, Errenteria, Lasarte eta Urnieta) edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainaraziz.
Jokabide honen aurrean Lezo, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok San Marko mankomunitateko aurrekontuei helegitea jarri genien, gure herriek ordaindu beharreko kopuruak ez zetozelako bat jasotzen genituen zerbitzuekin. Eta helegitea jartzearekin batera, mankomunitateak luzatzen zizkigun hainbat faktura geldiaraztea erabaki genuen, sei udalerriok mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenak bete zitezen aldarrikatzeko.
Egunotan Denis Itxasok, berriz, gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du, zorraren zenbatekoa puztuz eta arazo honen aurrekari eta testuingurua isilduz; izan ere, beti egon gara gure partea ordaintzeko prest, baina soilik jasotzen ditugun zerbitzuei aurre eginez, San Marko Mankomunitateko batzarrak onartu zituen hitzarmenetan jasotzen den bezala.
Mankomunitatearen fakturak hitzarmen hauen arabera egokitzeko eskaera egin diogu Denis Itxasori behin eta berriz, baina bere ezezkoarekin egiten dugu topo beti. Izan ere, Mankomunitatea bere kortijoa bailitzan gobernatzen baitu, erabakiak dekretuz inposatuz eta modu artifizialean mantenduz herrien arteko desorekak. Atez Ateko Bilketaren aurka ahal zuen guztia egingo zuela esan zuen eta formula aurkitu duela uste du: atez atekoa egiten dugun herriak ekonomikoki zigortzen gaitu, gainerako herrien edukiontzien bidezko bilketaren gastuak ordainaraziz; sistema horrekin ezinezkoa denean %50eko birziklatze mailatik igarotzea.
San Marko Mankomunitateko lehendakaritzan Denis Itxaso PSE-ko kidea jarri zutenean, PNV-k eta PP-k babestuta, argi geratu zen zein izango zen bere jokabidea. Orain diputaziorako bere hautagaitza aurkeztean, garbi ikusten dugu politika atzerakoien morroi bihurtuko dela berriz ere, bere helburu politikoak lehenesteko.
Horregatik, Denis Itxasori eskatzen diogu alderdikeriak alde batera uzteko eta, behingoz, mankomunitate barruan dituen arazoak konpontzeko.
Gure herritarrei adierazi nahi diegu, aldiz, dagokiguna ordaintzeko erabateko prestutasuna daukagula, baina ez gaudela prest jasotzen ez dugun zerbitzu batengatik ordaintzen jarraitzeko.
Lezo, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo alkateak