Irungo eta Hondarribiko langabeen 1.669 hautagaitza jaso ditu Bidasoa Bizirik-ek eta denera, 260 lan elkarrizketa egin dituzte Ficoban.
Enpleguaren XIV. Astea
159 lanpostu. 1.669 hautagaitza. 260 lan elkarrizketa. Horiek dira Bidasoa Bizirik-ek luzatutako datuak Enpleguaren XIV. Astearen harira. Bidasoko garapenerako agentziak azaldutakoaren arabera, “eskaintzen ezaugarrietara gehien hurbiltzen ziren curriculumak” hautatu zituzten eta era horretan, 30 enpresetako ordezkariek 260 lan elkarrizketa egin zituzten atzoko egunean.
Hondarribiko eta Irungo langabeei lan munduan sartzeko aukera eskaintzen dio Enpleguaren Asteak. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidentearen arabera, “aurten eskaintzen kalitateak gora egin du aurreko ekitaldiekin alderatuta. Lan poltsak eta aldi baterako enpresak gutxiago dira. Beste alde batetik eskaintza batzuk oso zorrotzak izan dira eta zailtasunak egon dira hautagaiak lortzeko orduan”. Azken horretan hizkuntzen eta lan esperientziaren gaineko eskakizunak altuegiak zirela azaldu zuen atzokoan presidenteak.
Kontratazioen artean bestalde, Lanbideren Lehen Aukera programaren laguntza jasoko dute 40 lan eskaintzak. Gazteen kontratazioa sustatzeko laguntzak dira.
Enpleguaren Astea borobiltzeko helburuarekin, zenbait hitzaldi ere eman zituzten Ficoban atzokoan, hala nola: Europan eta Frantzian lana bilatzeko baliabideen ingurukoa lehena, ziurtagiri profesionalen gainekoa bigarrena, eta Lanbideren laguntza eta enpresentzako zerbitzuen ingurukoa azkena.