Batzar irekia deitu du Irungo EH Bilduk bihar arratsalderako
Foru eta udal hauteskundeetara begirako programa izango dute hizpide koalizioko kideek; ahalik eta hauteskunde prozesurik "zabalena" martxan jarri nahi dute era horretan.
2015eko udal eta foru hauteskundeak direla eta, batzar irekia antolatu du biharko Irungo EH Bilduren udal taldeak. Oiasso Erromatar Museoaren bilera aretoan deitu dute koalizioko kideek batzarra, 19:30ean hasita.
Hauteskundeei begira diseinatu beharreko programaz ariko dira bertan, “gure oinarri sozialarekin, zein Irungo eragile ezberdinekin. Hauteskunde prozesu hau ahalik eta erarik zabalenean eta anitzenean martxan jartzea da helburua”. Ildo horretan, “lan filosofia eta egutegia guztiok batera konpartitu eta definitzen hastea da bertan burutuko dugun ariketa”.
Hori horrela, “lanerako prozedura parte hartzaile eta irekia” jarri nahi dute martxan eta bide batez, “irundar guztiak batzar ireki honetara gonbidatu nahi ditugu”.