Bi azoka egingo dituzte datozen bi larunbatetan Zabaltza plazan; lehena baserriko produktuena izango da eta bigarrena, lore eta landareena.

Irun Bonsai dendan egin zuten azoken aurkezpena
Behemendi Landa Garapenerako Elkarteko Mikel Zendoiak eta Irungo Udalaren Ingurumen zinegotzi Miguel Angel Paezek, Oihanalde baserriko Arantza Arruabarrenarekin eta Irun Bonsai lore dendako Javier Lumbrerasekin batera datozen bi larunbatetan izango diren azoken berri eman zuten atzo. Lehen hitzordua etzirako finkatu dute, baserriko produktuen inguruko azokarekin Zabaltza plazan, 10:00etatik 14:30era. Bigarrena hilaren 22rako larunbatarekin antolatu dute, eta lore eta landareen gainekoa izango da Zabaltza plazan berriz ere, 09:00etan hasi eta 14:00ak arte.
Lehen hitzorduak Gipuzkoa mailako baserrietako produktuak biltzeaz gain, artisautza piezak eskuratzeko aukera ere eskainiko du. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “aspaldiko gaztak aurkitu ahal izango dira; barazkiak, Aldabako ahuntzaren eta behiaren gazta ekologikoa; Idiazabal jatorriko izendapeneko ardi-gazta; baserriko gozokiak eta pastak; Leaburuko esnekiak; Errenteriako eta Leaburuko behi gazta; Getariako eta Leaburuko txerrikia eta hestebeteak; Urnietako ahate haragia eta ahatekiak; sasoiko loreak eta landareak; babarrunak; Euskal Okela haragia loteetan eta hanburgesak, Irungo haragiarekin prestatutako haragi-bolak; baserriko ogia eta pastak; landareekin egindako kremak eta ukenduak; Hernaniko mahaiko sagarrak; eztia…”.
Lore eta landare azokari dagokionez, hilaren 22an larunbatarekin egingo dute, Landa Azokak taldeko zazpi haztegik parte hartuko dute hitzorduan. Horien artean, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik iritsitako haztegietako kideak izango dira.