'Arrastoak' antzezlan berria oholtzaratuko du Dejabuk igandean
Panpin laborategiak Niessen antzezlan berria aurkeztuko du, 19:00etatik aurrera. Sarrerak zortzi euro balio ditu.
Panpin laborategiak antzezlan berria aurkeztuko du Niessenen, 19:00etatik aurrera. Sarrerak zortzi euro balio ditu, eta gaur eta bihar eros daitezke, 18:00etatik 20:00etara, eta igandean bertan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago. Miren Alkala, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Iñigo Aranbarri dira antzezleak. Honakoa da antzezlanaren sinopsia:
Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Gutxien espero zuenean ama hilik topatu dute, eta galderak azaleratu zaizkio bor-borka. Galderaz galdera denboran atzera egingo du Lurrek, memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimendu eta munstroei aurre egiteko. Intrigaz eta ezustez betetako bidaia bat hasiko du orduan.