Etxerik gabe bizi diren lagunen egoerarekin amaitzeko lehen urratsa izan daitekeela iritzi dio koalizio abertzaleak; "alternatibak" eskaintzeko garaia dela erantsi dute.
Urriaren 29tik 30era bitarteko gauean Irungo auzo ezberdinetan
kale gorrian lo egiten ari ziren 39 lagun zenbatu zituzten iniziatiban parte hartu zuten 65 boluntariok. Horren haria, medioetara bidalitako ohar baten bidez iritzia eman du gaur goizean EH Bilduren Udal Taldeak eta Martindozenea Aterpetxea proposatu du bazterketa hori pairatzen ari diren lagunen egoerarekin amaitzeko lehen urrats gisa. Halaber, gai honen inguruan hausnartzeko eta lan egiteko “prestutasun” guztia agertu dute.
Hori horrela, “zenbakietan soilik ezin gaitezkeela geratu”, uste dute koalizioko kideek “eta helburua, kalean behartuta inor ez bizitzea izan behar du; etxebizitza batean bizitzea eskubide bat baita”. Hala, “egoera hau salatzeko parte hartu duten guztiei eta gai hau lantzeko prest egon gaitezkeen pertsona orori alternatibak eskaintzen jarraitzea dagokigu”.
Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak irekitako aurrekontu parte hartzailearen iniziatiban, bazterketa egoera bizi duten lagunei zuzendutako
hotzaren etxea edo aterpetxea eratzea proposatu zela gogora ekarri dute abertzaleek. Hala ere, ez zuen adina boto jaso eta azkenean prozesutik kanpo gelditu zen. “Hau kontuan izanik, Irungo Udalari dagokio egoera honen larritasuna azpimarratzea eta diputazioari eskaera luzatzea”.