Ezker Anitza, Equo eta Euskal Herriko Errepublikatar Aukera alderdiek bat egin dute iniziatiba politiko komun bat martxan jartzeko. "Hiritarren inplikazio zuzena" bilatzen du aukera politiko berriak; hori dela eta, asanblea irekia deitu dute hilaren 20an ostegunarekin, Ospitale Zaharrean, 19:15ean hasita.
Irabazi Irun alderdiko kideak
Irabazi Irun –lotura gazteleraz– aukera politiko berriak bere burua aurkeztu du gaur eguerdian udaletxearen aurrean egindako agerraldian. 2015eko udal hauteskundeetara aurkezteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegora zabaldu eta foru hauteskundeetan ere parte hartu nahi du Irabazi markak. Alderdiaren nondik norakoak azaltzeko eta “hiritarren inplikazio zuzena” bilatzeko asanblea irekia deitu du taldeak datorren azaroaren 20rako ostegunarekin, Ospitale Zaharrean, 19:15ean hasita.
“Eskubideen murrizketa, zerbitzu publikoen deuseztatzea eta pribatizatzea, eta lan eskubide demokratikoen suntsiketa ezerezean geratzen ari dira krisi ekonomikoa baliatuta”. Zentzu horretan, “bide berri bati ekin eta gure herria eta gizartea eraldatu” nahi dutenak asko direla adierazi du Proko Gomez bozeramaileak.
Hala, sei printzipioetan oinarritzen direla jakitera eman du Gomezek, hala nola: demokrazia, gardentasuna, parte hartzea, lurralde kohesioa, feminismoa eta aniztasuna. Oinarri hauekin “iniziatiba sozial eta politiko gisa aurkeztu nahi dugu Irabazi Irun, eta ez ezkerreko alderdien koalizio gisa; ez da hauteskunde iniziatiba itxia eta Irungo herritar oro proiektura batzeko aukera dauka”.
Bi fase lantzen
Irabazi alderdiaren talde sustatzailea bi eremutan jarduten ari dela jakinarazi dute aurkezpenean parte hartu duten lagunek. Lehenik eta behin, “iniziatiba sozial eta politiko hau Euskadiko herri guztietara zabaltzea” nahi dute Irabazikoek eta ondoren, “herri eta foru hauteskundeetara begira lan metodologia kolektibo bat” garatu nahi dutela adierazi dute alderdikideek.