Ez bigarren, ez laugarren
Ikastolan atletismoan ibiltzen nintzen garaietatik, gauza bat gelditu zait ongi iltzatuta buruan, gure entrenatzailea zen Periko Sanromak behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz errepikatzen zigulako (batez ere atletismo proben aurretik eta batez ere, batez ere, taldekako Gipuzkoako Txapelketako jardunaldien aurretik): «Ez bigarren, ez laugarren; irabazi edo galdu ezazue, baina duintasunez!».
Haren teoria zen bigarrenak ia-ia irabazi egin zuela, eta laugarrenak ia-ia podiumean tokia izan zuela. Baina ez, bigarrenak ez du irabazten eta laugarrenarentzako ez dago tokirik podiumean. Eztia ia-ia dastatu posible izatea bezala zen, bere azalpenen arabera, bigarren edo laugarren egitea.
Beraz, Haurtzaro Atletismo Taldeko atletok ikasi genuen lehenengo ezin bagenuen heldu, hobe zela brontzezko domina jasotzea zilarrezkoa baino; eta podiumetik kanpo gelditu behar bagenuen, hobeto bosgarrenetik atzera baldin bazen; geroz eta podiumetik urrutiago, hobeto.
Kirol probetan postu duin batean heltzeko ez bigarren, ez laugarren egin behar horren teoriak zenbait arazo ekarri izan dizkit gerora, kirol guztietara estrapolatuta dudalako umetan horren ongi barneratutako logika hori; eta noski, kirol batzuetarako ez du balio.
Baina igande honetan Atletismoaren festa omen denak gurutzatuko du eskualde hau, Behobiatik Donostiaraino, eta beraz, «ez bigarren, ez laugarren» teoria horrek balio du.
Beraz, lasai. Dortsala hartuta duzuenok, ez izutu! Helmugara ez bazarete ez bigarren ezta laugarren iristen, lasterketa duina egin izango duzue eta!
[Bidebietako aldapa horretan gure koadrilaren animoak jasotzeko ezkerreko aldetik pasatzen zineten korrikalari ezagunentzako oharra: aurten oraindik ez dugu erabaki Herreratik goiti maldaren zein aldetan jarriko garen… baina hori izango da tokia. Ikusten bagaituzue, egin kaso; ikusten bazaituztegu, animatuko zaituztegu!].