Ostegunetan salbu, gainontzeko egunetan bisitatu daiteke. Lanegunetan, 17:30etik 20:00etara, eta larunbat eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.
Erakusketako argazki bat
Hondarribiko Kale Nagusiko Modotti tailerrak Orereta Argazkigintza Taldearen (OAT) erakusketa bat jasoko du azaroaren 30a arte. Erakusketa anitza da, estilo eta teknika askotarikoa, egileen esanetan: “Talde hau duela bost urte sortu zen, argazkigintza ikasteko, ezagupenak eta esperientziak konpartitzeko…, dena argazkigintzarekin lotuta. Herri askotako (Errenteria, Lezo, Oiartzun, Irun, Hondarribia edo Donostia) eta adin desberdinetako lagunek parte hartzen dute taldean, edo hartu izan dute, gazteena 13 urterekin hasi zen. Beraz, erakusketa honen edukiak aniztasun horri erantzuten dio”.
Hala, erretratoak, paisaiak, izadi hilak, hiri paisaiak edota espeleologiako argazkiak bildu ditu OATeko kideek Modottin erakusteko. “Hamaikatxo ekintza antolatu izan ditugu taldean egiteko. Erakusketa hau egindako ibilbidea erakusteko aitzakia ona delakoan gaude”, erantsi dute OATkoek.
Taldeko kide bat Modottiko arduraduna, Gotzone Elu bera da. Bere argazkiekin batera, Alberto Santiago, Borja Sagarzazu, Gabi Perez, Iñigo Elvira, Juan Alvarez, Kontxi Pampliega, Lander Santos, Manu Matas, Pilas Palacios, Raul Hernandez eta Sergio Labururenak bildu dituzte.