Bekoji Athletic Team-ek eta Bidasoa Atletiko Taldeak ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Plaiaundin; Etiopiatik iritsitako Sentayehu Eshetu entrenatzailea eta Biruk Fikadu atleta kontent agertu ziren Euskal Herrian izandako harrerarekin. Anaitasuna irudikatzeko bi BATeko kideek kamisetak elkartrukatu zituzten.

Kamisetak aldatu zituzten bi BATeko kirolariek
Euriak ez zuen anaitasun ekitaldia oztopatzea lortu. Hamarnaka lagun bildu ziren atzo iluntzean Plaiaundiko atletismo pistaren harmailen azpian munduko bi BAT taldeen anaitasun ekitaldia ikusteko prest. Hemendik aurrera anaitutako bi taldeak, Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) eta sortzear den Etiopiako Bekoji Athletic Team-ek (BAT) sigla berak erabiliko dituzte.
Bertan izan ziren adin ezberdinetako korrikalariak eta klubetako zein Irngo Udaleko ordezkaritza, hala nola, Txema Soto bertako BATeko presidentea, Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirol delegatua, eta Bekojiko Sentayehu Eshetu entrenatzailea eta Biruk Fikadu atleta.
Eshetu “oso kontent” agertu zen Euskal Herrian izandako harrerarekin. Fikadu ere zentzu berean hitz egin zuen eta jasotako sostengua eskertu nahi izan zuen. Izan ere, Euskal Herrian egindako ekitaldi eta
Town of runners –lotura ingelesez– dokumentalaren proiekzioei esker bildutako dirua Etiopiako BAT kluba eratzera bideratuko baita. Era berean, “atletismo pista” egiteko eta korrikalariak “lehiaketetara eramateko” behar dute finantzazio hori.
Bi etiopiarrak
Etiopia Utopia fundazioaren eskutik astebetez izango dira Euskal Herrian. Ikus-entzunezkoa iragan ostiralean eman zuten Irunen eta ostiral honetan aldiz, Hondarribiko Itxas Etxean ikusteko aukera izango da, 20:00etan abiatuta. Proiekzioaren ondotik, solasaldia eskainiko dute Etiopiatik iritsitako kirolarien eskutik. Sarrerak 4 euroren truke eros daitezke.