Astelehenetik asteazkenera egingo dute IX. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa, Hondarribiko Itsas Etxean. Irabazleak 3.000 euro eta Ramon Rotetaren Pintxoa eskultura irabaziko du. Iaz Gran Solentzat izan zen sari nagusia eta aurten Bixente Muñoz finalerdietarako sailkatu da dagoeneko, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuelako.
Laurogei sukaldarik hartuko dute parte hilaren 13tik 15era Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egingo den Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren IX. ekitaldian. Aurreko urteetan bezala, show-cooking erara egingo dute txapelketa, hau da, publikoaren aurrean. Nahi duenak zuzenean jarraitu dezake sukaldarien jarduna, bai Itsas Etxean bertan, baita Interneten ere.
Itsas Etxeko lehen lerroan epaimahaia eseriko da eta bertatik izango du prestaturiko pintxoak epaitzeko ardura. Egunero epaimahaiko kideak aldatuko dira, baina beti ere gastronomia arloko izen handiz osatuta egongo da epaimahaia, haien artean hogeitik gora sukaldari, hainbat gastronomo eta aldizkari espezializatutako komunikabideetako kazetariak, besteren artean.
Txapelketa astelehenean hasiko da eta egun horretan eta hurrengoan lehen fasea burutuko dute. Lurraldeetako txapeldunak ezik —zuzenean finalerdietara pasatu dira—, beste sukaldari guztiak hiru multzotan banatuko dira (ikusi multzoetako osaketa
txapelketaren webgunean, gaztelaniaz) eta multzo bakoitzetik zazpi sailkatuko dira finalerdietara.
Show-cooking erara sukaldatuko dute
Hor batuko zaizkie lurraldetako irabazleak: Gasteizko Erkiaga tabernako Yosune Menendez, Bilboko SanwiCoffeeko Roberto Artiguez, Huarteko (Nafarroa) Abaco tabernako Jesus Iñigo, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Zoko Mokoko Pascal Etcheverry eta Gipuzkoako txapelduna, Gran Sol tabernako Bixente Muñoz hondarribiarra.
6.000 euro saritan
Finalerdiak asteartean bertan egingo dituzte, arratsaldez, astezkeneko finalera igaroko diren hamarrak zehazteko. Hiru egunez, 80 taberna eta sukaldari lehiatuko dira Hondarribiko Itsas Etxean, Euskal Herriko Pintxo Txapelketako txapelaren bila, baina batek baino ez du txapel hori jantziko eta besotan altxatuko Ramon Rotetak lehiaketarako propio diseinatutako
Pintxoa eskultura. 3.000 euro ere jasoko du irabazleak, horixe baita Eusko Jaurlaritza-La Bacaladera sariaren dotazio ekonomikoa.
Bigarren sailkatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Saria eta 2.000 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak, Hondarribiko Udalaren Saria eta 1.000 euro. Publikoaren sari bat ere bada, nolabait esatearren, Kutxabankek ematen duen Pintxo Herrikoiaren Saria. Banketxeko bezeroen artean osatutako epaimahai batek ematen du sari hori; epaimahai horrek finaleko pintxoak baloratzen ditu, aurrekoak ez.
Sari nagusiez gain, beste sari batzuk banatuko dituzte, txapelketako babesleei esker: IV. La Bacaladera Saria, bakailaoa duen pintxorik onenari; VII. Eusko Label Saria, Eusko Label produktuekin egindako poikintxo onenari, Berrikuntzaren VI. Fagor Saria eta V. Keler Saria, garagardoarekin hoberen uztartzen den pintxoarentzat.
Aurreko ekitaldietako irabazleak
- 2013. Bixente Muñoz. Gran Sol, Hondarribia.
- 2012. Nerea Sistiaga eta Jesus Iñigo. Abaco, Huarte (Nafarroa).
- 2011. Iñaki Rodaballo. Iñaki Rodaballo taberna, Gasteiz.
- 2010. Bixente Muñoz. Gran Sol, Hondarribia.
- 2009. Darran Williamson, Bitoque de Albia taberna, Bilbo.
- 2008. Iñaki Rodaballo. Niza, Iruñea.
- 2007. Edorta Lamo eta Iñigo Cojo. A Fuego Negro, Donostia.
- 2006. Enrique Fuentes. Toloño taberna, Gasteiz.